Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Zentsoreen garaipen erabatekoa

2018ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Paradoxa bat iruditzen zaigu 2018an, baina askoz egoera larriagoetan (Faxismoak Europan agintzen zuenean) garbi izan zuten. Ari naiz hitz egiten, demagun, idazle ala musika talde bat zentsuratzen duten kasu horri buruz (jaialdi batean, supermerkatu batean, udalerri batean), bat-batean, talde horrek halako immunitate artistiko bat lortzen du. Komertzialki (ala politikoki) jazarria denez, jada ezin da eztabaidatu disko, dokumental, argazki ala liburu horren edukiaz eta formaz. Halakoetan Bertolt Brechten panfleto bat kontsultatu behar da beti: Egia esateko bost zailtasun (Brecht).

Bertan dio: «Garaitu zaituztenean ere egia esateko adorea beharrezkoa da. Zapaldutako askok beren akatsak onartzeko gaitasuna galtzen dute, zapalkuntza iruditzen zaie injustizia gorena». Hau da, zergatik ez da bateragarria partzialki egitea eztabaida? Alegia, jo dezagun berriki gertatutako kasu batera, A sus muertos dokumentalaren egileei erabateko elkartasuna adierazten ahal zaie eta epaiketa salatu. Baina arte eraldatzailearen onena litzateke dokumental hori zorrotz aztertzea. Eta, beraz, faxismoaren kontra egon nahi duen edonork egin dezakeen onena ez da dokua txalotzea egileak egoera injustuan daudelako, baizik eta lana aztertzea eta kritikatzea.

Alegia, Brecht parafraseatuz, borreroak atzetik izateak ez du esan nahi biktimek arte ona egiten dutenik: arte adoretsua, inteligentea, maneiagarria, maltzurra. Biktimek ontasuna ahuldadearekin lotzen dutelako.

Zenbatetan defendatu dugu artelan bat egileari jazarri diotelako eta ez artelanak merezi duelako. Ez gaitezen harritu, beraz, arte engaiatuak fama txarra izateaz. Hartzaileak badakielako engaiatua aupatu dutenek ez dutela artearengatik aupatu. Eta horrek arte engaiatu guztia kondenatzen du. Hori da zentsoreen gaitasuna: zentsuratuen ideologiarekin bat egiten dutenen artearekiko akritikotasuna inposatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.