Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Autofedea

2018ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
«...excomecaçioaren penaren azpian, eta seireun ducaten penan edequizen...». Auzitegi Nazionalak 600 euroko isuna ezarri die Altsasuko gazteei fede gaiztoz aritu izana leporatuta. Fede gaiztorik? Sakandarren abokatuek apelazio auzitegiko bi epaile ezesteko eskatu zuten Justizia ministerioko funtzionarioek Guardia Zibilaren —AUGC erakunde armatuaren elkartea akusazio gisa ari da epaiketan—dominak jaso zituztelako. Horrezaz gain, bietako batek, Eloy Velascok, Coviteren —terrorismoaren biktima batzuen elkartea ere akusazioaren partaide da— ekitaldi batean hitza hartu zuen; eta auzia hasi baino lehentxeago bere jarrera erakutsi zuen beste mintzaldi batean, erabakia aurrez hartua izanen balu bezala. Badirudi Espainiako auzitegi bereziak ongi ikasia duela Turkiako eredua, eta Erdoganen menpekoen erara jokatu du berriz; defentsako abokatuen eskaera oinarriduna atzera botatzeaz gain, zigor umiliagarria eta lotsagarria ezarri die gazteei. Fede txarrik? Fiskaltzak Guardia Zibilaren txostenaren kopia besterik ez zuen egin —politikari plagiodunen antzera— eta horretan oinarritu zuen akusazioa. Tabernako liskarra terrorismotzat jo zuen sistemak bere egin zuen guardia zibilen bertsioa hasiera-hasieratik, eta hainbat hedabide interesatuk sortu zuten kontakizuna froga eztabaidaezin modura erabili zuen gazteak atxilotzeko.

Epai matxista, alderdikoi, iraingarri eta xenofobo andana jasan dugun arren, gainerakoon fede gaiztoaz mintzatzen da judikatura gaixoti eta zaharkitua. Fedea eskatzen digu, fedeak ez baitu argudiorik behar eta konfiantzan eta sentipenean oinarritzen da. Altsasuko gazteek ez dute epaileengan federik erakutsi eta, sinesgabetasuna fede txar bihurrarazita, zigorra jaso dute. Inkisidoreak eta autofedeak etortzen zaizkit burura Auzitegi Nazionalaren jardueraz pentsatzen dudan aldiro. Eta sortzen dizkidaten konfiantzak eta sentipenek fedegabetasun argudiozalea berresten didate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.