Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Hutsen komedia

2019ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Estrategia-akats anitz gertatu da Historian zehar: esaterako, musika munduan, Beatles talde hasiberria atzera bota zuen diskoetxeko talentu bilatzailearena—bestondoak izan omen zuen errua—; garraiobidez ari bagara, Titanic itsasontzia salbamendu-txalupaz behar bezala hornitu ez zuen armadorearena —ezin hondoratzekoa bide zen transatlantikoa—; eta arlo militarrean ospetsua da Karánsebesko guduan gertatutakoa. 1788an, Errumanian, Austriar eta Otomandar inperioen arteko gerran, soldadu austriarrek hainbat upel pattar erositakoan —eta hustutakoan— ez zituzten euren aliatu errumaniarrak ezagutu, eta tiroka hartu zituzten. Kronisten arabera, 9.000 gorpu aurkitu zituzten otomandarrek zelaira iritsi zirenean; tirorik egin gabe bataila irabazia zuten.

Arlo politikoan ere estrategia-akats historiko ugari izan da munduan, baita Euskal Herrian ere—harrigarriro, politikoan ez ezik, musika, armada eta garraio ataletan ere izan omen dira—. Zerrenda osatuko duen beste huts nabarmen bat ezagutu dugu berriki. Aranzadi taldearen abstentzioa erabakigarria izan da Iruñeko Udalaren aurrekontuak ez onartzeko, eta, horren ondorioz, inbertitzeko 26 milioi euro gutxiago izanen ditu Udalak. Akatsa izan da bere boto emaile askoren esperantza zapuztu duelako. Huts egin die Sanduzelai edo Arrosadia bezalako auzoetako biztanleei, euren gabezia handiak arintzeko partida galdu edo, gutxienez, oztopatu baitu. Aranzadik berak egindako proposamenen kontra jo du, Emakumearen Etxea eraikitzeko eta bide gorria zabaltzeko traba ere izanen baita. Aurrekontuak ez onartzeko argudioak, Alde Zaharra «turismoz gainezka den eremu» izendatzeko proposamena onartu ez izanak, bertan ostatu erraldoia eraikitzea bideratu du. Zer hobetuko ote du? Gauden unean gaudela, Udal Gobernuaren jardueraren aurkako argudio sendorik ez duen oposizioari munizioa eman dio, baina, gure aldekoen suaren ondorioz, baliteke Inperioko indarrek tirorik egin gabe bataila irabaztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.