Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Aurre egin eta irabazi

2019ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Batzuetan saiakera-testu bati heltzen diot arazo baten balizko soluzioaren bila, nahiz eta maiz aldez aurretik jakin ez dudala irtenbide miragarririk aurkituko bertako orrialdeetan. Gogoeta egin dut Clara Zetkinen (1857-1933) Nola egin aurre faxismoari eta irabazi liburua eskuratu ondoren. Idazle feminista eta marxista alemaniarrak 1923an idatzi zuen testua, faxismoaren goraldiaz eta ideologia arriskutsuak ekar zitzakeen ondorioez kezkaturik. Handik hamar urtera, nazismoak boterea hartu zuen Alemanian, eta Zetkinek Moskura erbesteratu behar izan zuen. Emaitzei erreparaturik, agerikoa da idazlearen errezeta ez zela eraginkorra izan; edo, bestela, oso lagun gutxik jarri ziola arreta Zetkinen jarraibideari.

Zetkinen antzera, pobreziak, gerrak eta jazarpenak erbesteratuak izaten dira Aita Mari itsasontziak erreskatatzen dituen pertsonak. Aste honetan Itsas Salbamendu Humanitarioko presidenteak Nafarroako Parlamentuan azaldu du baliabide polizialek eta militarrek migratzaileak erreskatatzeko baliabideak ordezkatu dituztela: Europako mugak kontrolatzea da gobernuen lehentasuna. Lehentasun ez diren 1.235 hildako zenbatu dira aurten Mediterraneoan. ISHko ordezkariak gaineratu du laguntza humanitarioak dei efektua sortzen duela, zabaltzen duen diskurtsoak —ultraeskuinarena, diot nik— erakunde humanitarioen lana oztopatzen duela. Horren harira, bitxiak izan dira Iñaki Iriarte Navarra Sumako parlamentariaren adierazpenak: «Estatuek beren mugak kontrolatzeko eskubidea dute —lehentasuna— eta kontrolik gabeko immigrazioak hondamendia ekarriko dio Europari —dei efektua—».

Estatuan VOX alderdi faxistaren diskurtsoak kezkatzen gaitu, kezkagarria baita; baina faxismoa lehendik ere bazen gurean, orain bada, eta etorkizunean ere —epe ertaineko etorkizunean, behintzat— izanen da. Zetkinen liburuaren izenburuko lehen zatiari, aurre egiteari, etengabe ekin arren, ikusteko dago garaipena noizbait iritsiko den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.