KRITIKA. Antzerkia

Zortzi ate beltz

Agus Perez.
2020ko urriaren 7a
00:00
Entzun

'Mariana Pineda'

Egilea: Federico Garcia Lorca. Bertsioa eta zuzendaritza: Javier Hernandez-Simon. Jantziak: Beatriz Robledo. Eszenografia: Bengoa Vazquez. Argiak: Juan Gomez-Cornejo, Ion Anibal. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urriak 4.

Zortzi ate beltz eta goitik behera zetozen makina bat zinta elastiko gorri izan dira Mariana Pineda taularatzeko erabili diren elementu bakarrak. Ateak mugitu egin dira, era koreografikoan hala nahi izanez gero, eta zinta elastiko gorriekin noizbehinkako espazio aldaketak sortu dira, orain dela berrogeita hamar urteko antzerki talde batzuek esploratzen zituzten moldeetan betiko ainguratuta geratu izan bagina bezala.

Ordea, Espainia aldean indar kezkagarriz bueltan dauden XIX. mendeko jantziek Mariana Pinedaren aroan kokatu gaituzte, elementu bien arteko kontraesan estetiko gaindiezina hala edo nola irentsi ostean. Mariana Pineda Muñoz (Granada, Espainia, 1804-1831) Fernando VII.aren absolutismoaren aroan bizi izan zen, eta bere ideia liberalengatik exekutatu zuten Espainiako lehen Borboiaren erregealdian. Harrezkeroztik, hainbat idazleren inspirazio iturri izan da, eta Lorcak ere hartu zuen eredutzat 1927an estreinatu zen antzezlana idazterakoan.

Bere garrantzia dauka data hark, ez bakarrik espainiar idazleen belaunaldi bat izendatzen duelako, baizik eta, aldi berean, esaten digulako egilea oso gaztea zela, hasiberria ere ez esatearren —Lorcak bizpahiru urte lehenago idatzi zuen obra—, horrek ezinbestean dakartzan gabezia guztiekin. Hala ere, testuaren azterketa arkeologikoa egin nahi dutenek erraz topatuko dituzte idazleak emakume indartsuengatik sentitzen zuen lilura eta geroan hobeto garatuko zuen lirismo paregabea.

Dena den, eta hasierako zortzi ate haietarantz bueltatuz, fabore gutxi egin diote testuari eszenografia erdi efektista baina egiatan modaz pasatuak eta, zer esanik ez, argiztapen ilun-ilunak. Esan bezala, ateak modu ustez koreografikoan mugitu dira aurrerantz eta atzerantz noizean behin, baina balizko dramaturgia batean lagungarri izan gabe eta, are gutxiago, inolako esangura sinbolikorik lortu gabe. Gauza bera esan genezake zinta gorri gogaikarri haiez, eta, gure harridurarako, Mugimendu eszenikoa eta Koreografiak arloa bere izenarekin izenpetzera ausartu den bigarren mailako antzezleetariko batez.

Hala ere, esandako guztia gorabehera, emanaldia txukuntasunez igaro da, grina edo distira berezirik gabe, baina antzezle guztien sendotasunean eta testuaren jatorrizko interesean bermatuta, eta ikusleek ondo txalotu dute antzezlan historiko hau eszenara berriz ekarri izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.