Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Sorpresaren esperoan

2020ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Aitortu behar dut saltotxo bat egin dudala aulki gainean gelako ordenagailuan lerroburua irakurri dudanean. Azkenaldian gaurkotasun-albisteetatik urrun samar bizi izan naiz eta berriak ustekabean harrapatu nau. «Hortaz, gu ere bai» pentsatu dut, gu nor garen oso argi ez dudan arren. «Normaltasunerako beste urrats bat» segituan adierazi diot neure buruari, normala den eta ez denaren arteko muga betidanik —aspaldi luzetik, behintzat— oso lausotua iruditu bazait ere. «Bueno, ez zaie beti beraiei gertatu behar» ondorioztatu dut izenordainen erabilera frontistagatik neure burua gaitzetsi aurretik.

Seguruenik gobernuan gainerakoek baino askoz urte gehiago eman dituztelako —Nafarroaz ari naiz— arrunta egiten zait PSNko edo Navarra Sumako kargu publikoak auzitegietara eraman izana funts publikoa bidegabe erabiltzeagatik. Aldi berean, paradoxikoki, alderdi beretako zenbait kidek estatuko makineriaren bitarte ilunez epaileari bisita egitea saihestu dutelako sentsazioa izan ohi dut. Baina prebarikazioan, iruzurretan eta antzeko delitu ekonomikoetan PSN-Na+ binomioaren parte ez den beste alderdirik nahasita egoteak —berriz diot, Nafarroaz ari naiz— oraindik aztoratzen nau. Hortik saltoa, horregatik ezustea hedabideen bitartez ezagutu dudanean Auzitegi Gorenak auzia ireki duela Manu Aierdi Geroa Baiko kontseilariaren aurka. Ezohiko egoerak kontseilaria ere ezustean harrapatu du, «harridura handiz» hartu omen baitu albistea. Agian normaltasun berria horretan datza, auskalo.

Bateragune auziari, ordea, lehengo normaltasunaren kiratsa dario. Oraingoan atsekabeagatik, suminagatik eta desesperazioagatik egin dut salto Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiaren berri izan dudanean, baina, zoritxarrez, ez dut ustekabe handirik hartu. «Berriz ere, beti bezala» etorri zait burura. Horrelakoetan sorpresaren bat eskertuko nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.