Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Begi-urdinik ez

2022ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Arretaz jarraitzen diet Europako ekialdetik datozkigun berri lazgarriei, baina iturriek trukatzen duten informazioak —trukatu baino, elkarri jaurtitzen diote— nahasmendua areagotzen du. Beharrik ergatiboa dugun: -k bedeinkatuagatik ez balitz, zaila izanen litzateke ondorioztatzea nork zer egin duen, Ukrainak Errusia inbaditu ala alderantziz. Pasa den astean, Beñat Sarasolak ezin hobeki azaldu zuen txio batean informazio-lehia hori: «Besteenekin otso, nor bere iturriekin uso».

Sare sozialetan zabaldu da 2014tik —Krimea eta Donbassko gatazka lehertu zenetik— 2020ra bitartean, Espainiak Ukrainatik alde egiteko 12.561 asilo eskaerari uko egin ziola, eskatutakoaren %93,76ri. Beste nonbait agertu da ukrainarrak zuriak eta begi-urdin izateagatik onartzen direla, afganiarrak, siriarrak edo kongoarrak baztertzen diren bitartean. Datu horiek eman dituztenek, nire uste ezjakin apalean, estatuaren zurikeria agerian uztea dute helburu, Sanchezen gobernuak, orain bai eta hauek besterik ez, errefuxiatu ukrainarrak jasotzeko agindua eman duela aintzat hartuta.

Oker ez banago, salaketa horien funtsa da lehen eta orain, bai europarrei, bai asiarrei, errefuxiatu guziei eman behar zaiela gerra eta gosetetik ihes egiteko bidea, eta munduko alde honetan babestu. Zenbaitek, ordea, zitalkeriaz erabiltzen dituzte datuok, oso ongi ulertzen ez dudan dogma defenditzeko asmotan. Errefuxiatu ilehoriak gutxiesten dituzte: aurrekoak izorratu baldin badira, oraingoak ere izorra daitezela. Bazterkeriaren kontra, zabal dezagun bazterkeria.

J. P. Sansaloniren Un final (Amaiera bat) nobelako pasarte batean irakurri dut badugula gizakioksinesmenari eusteko beharra, unibertsoa ulertzen dugulako ziurtasuna eman diezagun. Haren izenean justifikatzen ditugu abiaturiko bataila guziak, egia gure sinesmena delakoan, gogoan hartu gabe ezagutza mugatua dugula eta, gainera, aldatu eginen dela denboraren poderioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.