Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

Buruaz beste

2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Nola landu suizidioaren gaia komunikabideetan? Landu behar al da? OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, munduan 800.000 pertsona suizidatzen dira urtero. Berripaper honen arabera, Euskal Herrian, 2018an, 229 izan ziren. Suizidio bakoitzeko beste 25 saiakera omen daude. Komunikabideetan, ordea, errealitate hori ikusezina da. Ez da existitzen. Hemen inork ez du bere buruaz beste egiten.

Gerretan, gatazketan, errepideetan, Mediterraneoan edota etxeetan gertatzen diren hilketa matxistak irensten ditugu egunero albistegietan. Horretara ere ohitu gara. Suizidioa isiltasunean, bakardadean, burutzen den ekintza da. Kazetaritza ez da ausartu tabu hori lantzera, errealitate hori esploratzera. Benetan uste dugu era horretan suizidioak ekiditen direla?

Bizkitartean, gero eta gehiago dira beren buruaz beste egitea erabakitzen duten gazteak. Jokin Sagarzazuk kazeta honetan aipatzen zuen legez (2019/01/24), suizidio kopurua handiagoa izaten da gazteenen eta zaharrenen artean eta batez ere gizonezkoen artean. Hego Euskal Herrian, 15-29 urteen artean beren buruaz beste egin zuten guztiak mutilak izan ziren (2018an). Esanguratsua datua. 80 urtetik gorakoen artean ere nabarmen gehiago dira beren burua hiltzen duten gizonezkoak (%92).

Suizidioak ez du klase sozialik ezagutzen. Duela hamar egun bere buruaz beste egin zuen Peruko presidente ohi Alan Garciak. Zalaparta handia piztu zen. Hildakoa kartzela bateko ziega hits batean suertatzen denean, ordea, arreta mediatikoa lurrundu egiten da. Hor ez dago fokurik ezta mikrofonorik ere. Suizidioak ez du klase sozialik, baina trataera mediatikoan klase asko daude.

Hildakoak badoaz. Senideak, berriz, hemen geratzen dira. Noraino informatu daiteke familiaren mina areagotu gabe? Sarritan atera dut gaia Kazetaritzako ikasleen artean. Ertz asko dituen eztabaida da. Sarbide gisa beti aipatzen diet neroni gertatu zitzaidan pasadizoa, kazetari nahiz irakasle bezala beti oso presente izan dudan gertaera bat. 80ko hamarraldian izan zen, Gasteizen. Suizidio baten berri izan genuen erredakzioan. Hildakoa, gainera, atariko bizilaguna zen. Buru-nahasmendua zuen aspaldi. Neu nintzen edizio arduraduna eta bertara argazkilaria bidaltzea erabaki nuen. Iritsi zenerako epailea bertan zegoen. Gorpua ere han zen, barne-patio batean eta manta batez estalia. Argazkilariak epaileari erretratua ateratzeko baimena eskatu eta hark eman egin zion. Argazkia, nire ustez, oso aseptikoa zen, plano ertainekoa, hildakoa inolaz ere identifikatzeko modukoa. Biharamunean argitaratu nuen albistea (eta argazkia). Oso diskretua eta laburra zen: hildakoaren nortasuna eman gabe, ezta suizidio izan zela esan gabe ere. Argitaratu zen egun berean, hildakoaren alaba erredakzioan agertu zen. Sutan zegoen. Ezin zuen ulertu nolatan argitaratu zen hura. Alferrik zen esatea epailearen baimena genuela. Haren begirada iltzatuta geratu zitzaidan. Bere mina, oinazea eta lotsa nire egin nituen. Barkamena eskatu nion. Pasadizo hark zer pentsa eman zidan. Asko markatu ninduen eta asko ikasi nuen.

Horrek ez du esan nahi, ordea, suizidioari buruzko aipamen oro debekatu edota baztertu behar denik. Aditu guztiak bat datoz esatean suizidioari buruzko ikuspegi arduratsuak bizitzak salba ditzakeela. Zentsura eta desinformazioa baztertu behar dira. Kazetaritzako kode deontologikoetan, ordea, nekez topatzen da suizidioari buruzko aipamenik. Tabu izaten jarraitzen du.

Eliza katolikoaren eragina, gai honetan ere, ikaragarria da oraindik. Mitoak ere badira, noski. Blas Erkizia psikiatrak dioen bezala, «suizidioa erabaki askea da, baina askatasun hori baldintzatua dago. Une oro bizi gara askatasun baldintzatuan; askatasun absoluturik ez dago».

Suizidioaren trataera informatiboa gai konplexua da, tentuz landu beharrekoa; kazetariok, baina, ezin diogu gai honi bizkarra ematen jarraitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.