Miarritzeko Nazioarteko I. Zinemaldia egingo dute ekainean

Gazteria izango da zinema jaialdiaren gai nagusia. Ekainaren 28tik uztailaren 2ra iragango da

Miarritzeko Nazioarteko Zinemaldia aurkezteko prentsaurrekoa, atzo, Miarritzen. GUILLAUME FAUVEAU.
Garazi Aduriz Zuñeda.
Miarritze
2023ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Nouvelles Vagues Miarritzeko Nazioarteko Zinemaldiaren aurkezpena egin zuten atzo. Festibalak «gazteria fokuen azpira ekartzea» du helburu. Lehen aldiko egingo da aurten, ekainaren 28tik uztailaren 2ra, eta izen bereko elkartea da antolatzailea, Nouvelles Vagues. Jerome Pulis elkarteko lehendakariak, François-Xavier Menou diruzainak, Sandrine Brauer ordezkari nagusiak eta Eduardo Carretie lehiaketako filmen hautatzaileak eman dute prentsaurrekoa, Miarritzeko hondartzako hotelean (Lapurdi), itsasorako bista gibelean zutela. Azpimarratu dutenez, zinemaldiaren berezitasuna zera da, gai nagusia gazteria izateaz gain, gazteek hautatu filmak ikusgai izango direla, eta nazioarteko zortzi filmen lehiaketako epaimahaia ere gazteek osatuko dutela.

«Konturatu gara gazteak zinemaren artearengandik urruntzen ari direla», azaldu du Menou Nouvelles Vagues elkarteko kide eta Angeluko (Lapurdi) Moncine zinema aretoaren zuzendariak. «Arrunkeria badirudi ere, errealitatea ere bada: gazteria etorkizuna da». Haren arabera, Nouvelles Vagues elkarteko kide guztiak gustuko izan zuten festibalaren gaia, eta iruditu zitzaien gazteei «ahotsa emateko parada» zela.

Gazteak saltsa guztietan

Hain zuzen, zinemaldi osoan gazteen gaia jorratuko bada ere, jaialdiaren ardatza nazioarteko zortzi filmen lehiaketa izango da: Ramata-Toulaye Syren Banel & Adama, Zihan Gengen A Song Sung Blue, Bastien Milheauren Super-Bourres, Angela Ottobahren Paula, Molly Manningen How to Have Sex, Chandler Levacken I Like Movies, Carolina Cavalliren Amanda eta Jaime Rosalesen Girasoles silvestres daude lehian. Lili Hinstinek, Emmanuel Mayembak eta Carretiek egin dute hainbat herrialdetatik datozen filmen hautaketa. Menouren arabera, «ikuspegi bikoitza» lortu nahi dute lehiaketan: «film egileek gazteengan duten ikuspegia» eta «gazteek hautemandakoa», 35 urtez azpiko epaimahaia aukeratu baitute. Uztailaren lehenean jakingo da lehiaketaren emaitzaren berri, arratsean.

Lehiaketaz gain, beste ekitaldi batzuk ere antolatu dituzte, hala nola lau filmen estreinaldia. Tina Satteren Reality, Andrew Durhamen Fairyland, Olivier Nakache eta Eric Toledanoren Une année difficile, eta Anna Novionen Le théorème de Marguerite agertuko dira lehen aldiz Miarritzeko zinemetan.

Cedric Klapischek, Zar Amir Ebrahimik eta Jean-Benoit Dunckelek gazteengan pentsatzean burura etortzen zaien filma aurkeztuko dute. Gazteria izena jarri diote sailari. Bide horretan, munduko hainbat ikastetxetako ikasleek aukeratu filmak ere ikusgai izango dira Ikasleak Zuekin Mintzo izeneko sailean.

Saio berezi bat eta eskola saioak ere aurreikusi dituzte. Eta Nakache eta Toledanoren Nos jours heureux filma (2006) proiektatuko dute aire zabalean, Miarritzeko portu zaharreko hondartzan. Hala ere, zinemaldia, orokorrean, Miarritzeko Le Royal eta Gare du Midi zinema aretoetan iragango da.

Luzera begirako festibala

Publiko zabala gonbidatu dute zinemaldian parte hartzera. «Baina, noski, bereziki gazteak bertaratu daitezela nahiko genuke», adierazi du Menouk. Sarrerak atzotik daude salgai, Gare du Midi aretoan eta zinemaldiaren webgunean: nouvelles-vagues.org. Gune horretan argitaratuko dituzte jaialdiari buruzko xehetasunak.

2,1 milioi euroren kostua du zinemaldiak. Brauerrek azpimarratu du programazioaren «kalitatearen» arabera neurtuko dutela «arrakasta», ez «etorriko den jende kopuruaren» arabera: «Badakigu ekain amaieran eguzki kukutzeen konkurrentzia dugula». Hala eta guztiz ere, Mouek uste du «pazientzia» behar dela gertakari bat egonkortu dadin, eta adierazi du jaialdiaren finantzatzaileak horren jakitun direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.