Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Erradikalismoaren amaieraz

2020ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Liburu batek kolpatzen zaituenean denak liburu horretaz ari direla iruditzen zaizu. Ekarri dut lerrootara eta beste paper batzuetara Judith Shklar. Baina iruditzen zait garaiotan dauzkagun ia eztabaida guztiak ardaztu zituela.

Shklarrek dio erromantizismoak mundu soziala sakonki aztertzeari uko egin ziola eta fatalismo kristauak historia garaikidea sinplifikazio gehiegizko batekin deskribatu zuela. Zioenez, «defizientzia horiek seinalatzea ez da erantzun bat». Negazionistak eta autoritarioak salatzeak ere ez dakar, covidaren garaian, bestelako alternatibarik. Zeren «izpiritu optimista arrazionalistaren» drama, betiere Shklarren hitzetan, izan da «erantzun bat eman zezakeen bakarra zela, baina ez diola orainari inolako erantzunik eman. Ilustrazioa ez zutelako bere etsaiek [erromantizismoak eta kristautasunak] erail; bere jarraitzaile naturalenek ere ikusi zuten haren funtsezko kontzepzioak ere ez zirela egokiak esperantza oro faltsua zela demostratu zen garaietarako».

Shklarrentzat «erradikalismoa ez da indarkeria iraultzailerantz jotzeko predisposizio bat», erradikalismoa da [orain Espainian eta Frantzian gazteak kriminalizatzeko propagandak beste zerbait badio ere] «sinestea herriak bere burua kontrolatu eta hobetu dezakeela, modu kolektibo batean, baita bere inguru sozialean ere. Fede utopiko gutxieneko hori gabe, ez dago zentzurik duen erradikalismorik».

1960ko hamarkadaren ateetan idatzi zituen hauek Shklarrek, eta ordurako argi zegoen «existitzen diren askatasunak zabaltzea» gauza aski kontserbadorea zela. Askatasunak «ez dakarrelako berekin harmoniarik». Gaurko liberalek eta sozialdemokratek «ez dute pertsona aske eta arrazionalen ezinbesteko aurrerapenean» sinesten. Are, gehiago dira arrazionalismoaren kontrako makinak, berdin mespretxatzen dituzte intelektualak eta ekintza politiko kolektiboa. Inprobisazioa da iluntasunaren indarrek fidelen segitzen duten partitura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.