Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Pertzepzioaz

2020ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Aste honetan txoriaren sare sozialean irakurri diot Santi Leoné lagunari —eta lankideari, baina hitz bat aukeratu behar banu Santiri atxikitzeko, lagun izanen litzateke— distantzia mantendu nahi izatera, Iruñeko TBO komiki denda txikian aldian bezero bakarra kabituko dela, baina bai TBOn, bai hurbileko Karrikirin, politena saltzailearekin tartea pasatzea dela. Haragia ahula da, eta Santi gutxi-gutxitan ateratzen da esku hutsik Iruñeko alde zaharreko saltoki horietatik.

Antzeko gertatzen zait Jarauta kaleko Dientes Largos binilo dendan. Kike saltzailea musika aditu itzela da, eta ezin atseginagoa izaten da bere dendan tarte luze bat ematea solasean. Gaur bisita egin diot, lehenengoz azken bi hilabeteotan. Aldi honetan ez gara talde psikodelikoez edo musikari australiarrez mintzatu, gaiaz baizik. Maskara eta eskularruak jantzita, desinfektatzaile alkoholduna mahai gainean, egungo egoeraz atzematen ditugun pertzepzio desberdinez aritu gara, paratu berri duen manpararen alde banatan. Biok baditugu osasunez pattal dauden senideak, arrisku taldeetakoak, eta, gertuagotik edo urrunagotik, izurriteak berekin eraman duen jendea ezagutzen dugu. Bizipen horiek eragin nabaria dute hartzen ditugun prebentzio neurrietan: ahalik eta zorrotzen jokatzen saiatzen gara, gure pertzepzioaren arabera. Bestelako pertzepzioa dutenek desberdin jokatuko dute seguru asko. Horren harira, zer ikuspegi zabaldu nahi ote du Nafarroako Gobernuak? Ematen du, ekonomia biziberritzeko asmotan, normaltasuna iritsia delako itxura erakutsi nahi duela kosta ahala kosta, eta bizilagunon jokamoldea baldintzatu, kontsumitzera bultzatu. Ekonomia berpiztea nahitaezkoa da, ados, baina pertsonen osasuna bermatzeak behar luke gobernuaren lehentasuna beste ezeren gainetik, eta helburu horren arabera neurriak hartu eta mezua egokitu. Ez dakit Foru Gobernuak lehentasunen segida argi duen.

Eskularruz hartu dut The Bevis Frond taldearen New River Head diskoa, poltsan sartu aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.