PROPOSAMENAK

Izarraitzen magaletik

Azpeitiko baserri auzoak eta herrigunea zeharkatzen ditu Xaguxatar ibilbideak. Jolas batean parte hartzeko aukera ere badago

Xaguxatar parkea ibilbidearen hasieran dago, Ekoetxean. GORKA RUBIO / FOKU.
Aitor Garmendia Etxeberria.
2021eko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Xaguxatar ibilbideak aukera eskaintzen du Azpeitiaren inguruko (Gipuzkoa) ondare naturala eta gizakiak han utzitako arrastoa ezagutzeko. Izarraitz kontserbazio bereziko eremua zeharkatzen dute ibilbidearen 6,5 kilometroek. Ez du zailtasun handirik, eta bi ordu baino gutxiagoan egin daiteke. Ondo seinalaturik dago: marra hori eta zuriez gain, seinaleak daude bidegurutze guztietan. Auri izeneko saguzarra ageri da horietan, noranzkoa adieraziz.

Ibilbidea Ekoetxean hasi eta amaitzen da, Urola ibaiaren ertzean. Natura baliabideak ezagutaraztea eta herritarrak ingurumenari buruz sentsibilizatzea ditu helburu Ekoetxeak. Izarraitz mendigunean lau saguzar espeziebizi direlako da saguzarra ibilbidearen irudia.

Ekoetxetik abiatuta, lehen leku esanguratsua Loiola da. Santutegiak 65 metroko kupula du, eta, haren alboan, mundu guztiko zuhaitzak daude.

Azkoitirako errepidea zeharkatuta, Izarraitzeko Atea parketik jarraitzen du ibilbideak. Herritik mendirako sarrera lana egiten duen parke horretan, urak garrantzi berezia du. Izarraitzeko arrokei bizkarrik eman gabe, bidea Olatzeko baselizaren albotik igarotzen da. Han biltzen ziren Gipuzkoako Batzar Nagusiak XVIII. mendera arte.

Bidea herrigunetik urrunduz doa. Ermita atzean utzita, nekazaritza paisaia da nagusi, eta horren erakusle da Otzaka auzoa. Han, baserri artean, herritarrek erabil dezaketen baratze-parke bat dago.

Errepideari jarraituta, ibilbideak baserri auzoak zeharkatzen ditu. Auzo horietako batean, hainbat informazio panel dauden tokian, bidegurutze bat dago. Gorantz Izarraitzeko tontorretara joan daiteke. Xaguxatar bideak, ordea, behera egiten du. Handik, Izarraitzeko tontor harritsuak ikus daitezke, gora begiratuta. Behean, Azpeitia eta industriaguneak ageri dira. Hilerriaren albotik, herrigunera jaisten da bidea. San Sebastian parrokiak eta Soreasu antzokiak ematen diote ongietorria ibiltariari.

Herrira iritsita, Urola ibaiaren ur hotsa entzun daiteke. Nahikoa da uraren aurkako norabidean ibiltzea Ekoetxera itzultzeko. Bidean, halere, badaude ikustea merezi duten tokiak: udaletxea, enparantza eta Azoka plaza, besteak beste.

Ibilbidean zehar, sei panel daude galdera banarekin. Horiei erantzunez jolas egiteko aukera dago. Informazio guztia https://azpeitia.eus/xaguxatar/ webgunean ageri da. Gainontzean, jolasaren eskuorria Ekoetxean edo Loiolako zein Basazabalgo informazio guneetan har daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.