PROPOSAMENAK

Azokari jarraituz

Tolosako azoka larunbatero egiten da. Merkatariak elkartzen diren hiru guneak bisitatuz herriko txoko esanguratsuak ezagut daitezke

Oteizaren eskultura eta Gaztelako atea, Trianguloa plazan. JON URBE / FOKU.
Aitor Garmendia Etxeberria.
2021eko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Larunbatero azoka egiten dute Tolosan (Gipuzkoa). Zazpi mende baino gehiago dituen tradizio bat da, eta inguruko ekoizleentzako plaza da oraindik ere. Merkatua hiru gune nagusitan bereizita egon ohi da: Zerkausia, Berdura plaza eta Euskal Herria plaza. Hirurak bisitatuz, Tolosako gune esanguratsu ugarirekin egin daiteke topo, bai larunbatetan eta bai asteko beste edozein egunetan.

Trianguloa plaza toki egokia da ibilbideari ekiteko. Hiruki formako oinplanoa du, eta tolosarren elkargunea da. San Frantzisko parrokiaren eta aldundiaren jauregi koloretsuaren artean dago, eta erdian, garai ezberdinetako bi monumentu daude: Oteizaren Atauts eskultura eta Gaztelako Atea, alde zaharrerako sarbidea.

Harrizko atea zeharkatuta, Zerkausia ageri da. Larunbatero, azokako gune nagusia izaten da Oria ibaiaren ertzeko plaza estalia. Alboan, Naparzubia dago, antzina herrigunera iristeko bide nagusia zena. Gaur egun, Oria ibaiaren eta Zerkausiaren panoramika bikaina eskaintzen du.

Ibaiaren alboan daude Tolosako beste hainbat eraikin aipagarri ere: Errota Zaharra eta Aranburu jauregia, besteak beste. Horien aldamenean, euskal pizkundeari eskainiriko plaza dago. Aztarna arkeologikoak eta Txillidaren Lizardiren leihoa eskultura ere bertan daude, Andra Maria parrokiaren itzalpean. Gertu dago Tolosako turismo bulegoa ere. Herria ezagutzeko bisita gidatuak eskaintzen dituzte bertan: alde zaharra, hiru «tenpluak» eta azoka bisita daitezke, esaterako. Gainera, norbere kasa joateko audiogidak ere eskuragarri daude. Informazio guztia topa daiteke tolosaldea.eus atarian.

Andra Maria plazari itsatsita Plaza Zaharra dago; udaletxea eta kasinoa izandakoa daude bertan. Pandemiarik gabeko egoeran, inauterietako Ostegun Gizen egunez, han hasten da festa. Hurrengo geldiunera heltzeko, Berdura plazara, alde zaharreko kaleetan barneratu behar da. Ez da zaila plaza topatzea: burdinez eta kristalez estalita dago, eta atentzioa ematen du alde zaharreko kaleen artean. Larunbatetan landareak eta loreak saltzen dituzte bertan.

Euskal Herria plaza da azokako azken geldiunea. Alde zaharra atzean utzi, eta Rondilla kalea zeharkatu behar da hara heltzeko. Hiribide koloretsu horretako tabernek gosea eta egarria asetzeko eskaintza zabala dute.

Errepideaz beste aldean dago alde bakoitzeko 50 metro dituen plaza. Azoka egunetan, kanpoko merkatarien bilgunea izaten da, eta han dago Topic nazioarteko txotxongilo zentroa. Triangulora itzultzeko, Rondilla kalean gora egitea nahikoa du bisitariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.