PROPOSAMENAK

Berdez inguratuta

'Bizi iturri naturala' ibilbideak Segurako zenbait txoko ezagutzeko aukera eskaintzen du. Ibilbidean zehar, panel tematikoak daude

Segurako landa eremua. IMANOL OTEGI / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
2021eko irailaren 1a
00:00
Entzun
Segura (Gipuzkoa) Oria haranaren gaineko muino batean dago. 1256an Segura izendatu aurretik, Erraztiolatza izena zuen gune horrek; gaur egun San Andres ermita dagoen inguruak, alegia. Herria mendiz eta naturaz inguraturik dago, eta Bizi iturri naturala ibilbideak aukera ematen du inguru hori ezagutzeko. Izan ere, ibilbide horrek naturarekin lotzen du herria, eta, beraz, ibilbide horretaz gozatzeko beta izango du bertaratzen den orok.

Bizi iturri naturala ibilbidea Segurako hiribilduaren muinean sartzen den bidezidor bat da. Paisaia eder batek inguratuko du bisitaria 5,5 bat kilometroan. Berde bizienaz estalitako zelaien ondotik, antzinako basoak zeharkatuko ditu bisitariak. Hala ere, ibilbide osoa naturaz inguraturik dagoen arren, hartan ikus daitekeena ez da landa gunea soilik. Izan ere, kulturak ere aberasten du ingurua; hain zuzen, horrek piztuko dio bisitariari ibilbidean aurrera egiteko motibazioa. Izan ere, antzinako errotak, ur garbiko iturriak eta zenbait ermita zeharkatuta, bost bat kilometroko bideak aukera paregabea eskaintzen du Segurako Erdi Aroko egitura, merkataritza, uraren erabilerak eta Done Jakue bidea ezagutzeko.

Segurako txokoak

Bizi iturri naturala ibilbideak, beraz, Segura herriko txoko eder batzuk ezagutzeko aukera eskaintzen die bisitariei; besteak beste, Jauregi portala, hiltegi zaharra, Oriamuño baserria, Osina portalea, Gebara jauregia, Santa Klara komentua, San Andres ermita eta udaletxea.

Pandemiaren eraginez,ordea, herrian egiten diren bisita gidatuak gutxitu egin behar izan dituzte. Horregatik, Ardixarra Erdi Aroko Interpretazio Zentroak ez du eskaini Bizi iturri naturala ibilbidea egiteko bisita gidaturik uda honetan. Hala ere, gidarik gabeko bisitak egin daitezke bidean zehar dauden panel tematikoei esker. Horiek guztiek Segura eskualdeko bizitzan garrantzi handiko hiribildua zen garaira eramango dute bisitaria. Gainera, ibilbidean zehar 29 baliza aurkituko ditu bisitariak, behar bezala seinaleztatuta; baliza horiek guztiek bide zuzenari jarraitzen lagunduko diete bertaratzen direnei.

Litekeena da, ordea, irailean Ardixarra zentroak berriro ere martxan jartzea bisita gidatuak; bisitetarako neguko ordutegia berrabiaraziko ote duten erabakitzeke baitute oraindik. Beraz, komenigarria da Bizi iturri naturala ibilbidea egin nahi izanez gero haiekin harremanetan jartzea, bisiten inguruko informazio gehiago lortu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.