Sua, eguzkia goratzeko

Akelarrea egin dute Hernaniko kaleetan, San Joan bezperako gaua ospatzeko. Euskal Herriko hainbat herritan piztu dituzte suak

Euria egin arren, Hernanin lortu zuten sua piztea. JON URBE / FOKU.
ane insausti barandiaran
Hernani
2022ko ekainaren 24a
00:00
Entzun

Baserritarren gonekin, aurpegia zikinduta eta txapela kiribil zuriak soinean zituztela, plaza hartu zuten hamaika herritarrek atzo iluntzean Hernanin (Gipuzkoa). Musikak eta oihuek lagunduta, akelarre itxura hartu zuen Gudarien plazak. Akelarrearen atzetik hasi zuten antzerkia, eta, inork zalantzarik bazuen, hasi orduko argitu zuten zergatik zegoen plaza beteta: «Udako solstizioa da gaur hemen ospatuko duguna», esan zuen antzezle batek plazari biraka dantza egin bitartean.

 

Urteko gaurik luzeena ospatzeko, antzerkia eta dantza tartekatu zituzten parte hartzaileek. Eguzkiaren eta ilargiaren garrantzia nabarmendu zuten, eta, ohiko Akelarreko dantzaz gain, hainbat koreografia egin zituzten. Besteak beste, Neomak taldearen Ilargi berriak kanta dantzatu zuten, makilak eskuan, suarentzat prestatutako gunearen inguruan. Antzerkia amaitu orduko hasi zen euria, baina, hala ere, lortu zuten sua piztea, 21:00etan. Suaren atzetik jarraitu zuen festak ere, etenik gabe.

Antzinako ohitura

Aspalditik dator ekainaren 24an sua pizteko ohitura Euskal Herrian. Gaur egun San Joan bezpera gisa ezagutu arren, jatorri paganoa du jaiak: ekainaren 21ean ospatzen zen lehen, hura baita urteko gaurik motzena eta egunik luzeena. Eguzkia omentzeko eta hari indarra emateko pizten zen sua, eta gaur, oraindik, izpiritu txarrak sutan erretzeko ohiturak hortxe dirau.

Hernanin bezala, hainbat herritan egin zioten ongietorria udako solstizioari, euria egin arren. Donostian, esaterako, 20:00etan egin zuten ekitaldi nagusia, Konstituzio Plazan. Agintarien esku dantza egin zuten udaleko ordezkariek. Zuzi bana eskuan hartuta, lizar baten inguruan elkartu ziren, eta su eman zioten zuhaitzari; ondoren haren inguruan dantza egin zuten.

Antzeko ekintzak antolatu zituzten beste hainbat herritan ere. Gasteizen, esate baterako, auzoz auzo ziren sua piztekoak. Bilbon bestelakoa izan zen egoera, ordea. Izan ere, Bilboko konpartsak 19:30ean ziren festa hastekoak, baina, Etxebarri parkea lokaztuta zegoela eta, bertan behera utzi zuten ospakizuna. Nafarroan, berriz, ez zen surik egiterik izan, azken egunetako suteen ondorioz Nafarroako Gobernuak horiek bertan behera uzteko agindu baitzuen. Dena den, beste hainbat ohitura mantendu zituzten: esate baterako, Duguna dantza taldeak San Joan bezperako sokadantza egin zuen, Iruñeko Santa Ana plazan, 19:30ean. Hori bai, datorren urtera arte itxaron beharko dute San Joan bezperako gaua suarekin ospatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.