Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Erresumindua

2018ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Arrapaladan atera da Espainiako Diputatuen Kongresutik Madrilgo pisura lehenbailehen iristeko. Estropezuka sartu da logelan, txapinak eta txabusina jantzi ditu eta urrats azkarrez, ia lasterkan, abiatu da etxeko bulegora. Urduri, aztoratua, asaldatua esperatu dio Windows 10 lanerako prest dagoela abisatuko dion soinu ezagunari. Patuaren gaurko jokaldi traketsa: smartphone zitalaren bateria agortu zaio bileraren etenaldi batean, Iruñeko alderdikidearekin gaiaz mintzatu bitartean, solasaldia supituki moztuta; eta tabletarena, berriz, berriaren gaineko informazioa bilatzen ari zela egunkari digitalean. Biak inspirazioa iritsi baino lehen. Beharrik bolalumak tinta zuen musen bisita jaso duenean, eta horri esker idatzi du Kongresuko tabernako ahozapi batean bestela betiko galduko zatekeen ideia burutsua:«Titularra kopiatu». Estualdia bareturik, unea iritsia da. Lizunki ireki du Twitter aplikazioa, eta teklatuaren soinuak ekarri dion gozamen onanistaz, bere sumina islatuko duen txioa idatzi du Nafarroako diputatuak: «Las pajas de Uxue Barkos».

Txio nardagarria irakurrita, horrela irudikatu dut egoera birtuala Iruñeko Baluartetik etxerako bidean. Garai batean Nafarroako kontserbadurismoaren adierazle izandako eraikinean Nai Barghouti abeslari palestinarraren emanaldi eder eta hunkigarriaz gozatzeko aukera izan dugu, Palestinarekin Elkartasuna taldeak antolatua, Udalaren eta Nafar Gobernuaren laguntzaz. Bertan estatuko LGTBI talde eta eragileen topaketa ere izan da asteburu berean, Nafarroako instituzioen babes osoa jasoa. Ezbairik gabe, kolektiboa ikusarazteko gune sinbolikoa da Baluarte, LGTBI mugimendua—eta kideak— ezkutatu nahi izan dituztenen esku urte luzez izan ondoren.

Baliteke Carlos Salvadorren alderdiak ezarritako presio itogarriak erresuminik ekarri izana, eta hala balitz, sentimendua uxatu nahi nuke. Nahiago dut oraingo haize freskoa sakon arnastu. Egundoko aldea dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.