Dumont, Godard eta Pawlikowskiren filmak, Zinemaldiko sail paraleloetan

Cannesko Sail Ofizialean lehiatutako bost film Perlak saileko programazioan izango dira

Bruno Dumontek eginiko azkeneko telesaila emango dute Zabaltegi-Tabakalera sailean: Coincoin eta les z'inhumains. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
mikel lizarralde
Donostia
2018ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Donostiako 66. Zinemaldia hasteko hiru hilabete falta diren honetan, parte hartuko dutenaurreneko filmak iragartzen hasi dira antolatzaileak. Sail Ofizialean zein film lehiatuko diren jakiteko oraindik itxaron beharko bada ere, bi sail paralelo garrantzitsuenak osatuko dituzten lanetako batzuk jakinarazi dituzte dagoeneko. Hala, Another Day of Life (Raul de la Fuente, Damien Nenow), 3 Rock / Three Faces (Jafar Panahi), Zimna Wojna / Cold War (Pawel Pawlikowski), El angel (Luis Ortega), Leto (Kirill Serebrennikov) eta Netemo Sametemo (Ryusuke Hamaguchi) ikusiko dira Perlak atalean; eta Belmonte (Federico Veiroj), Coincoin et Les Z'Inhumains (Bruno Dumont), Da Xiang Xi Di Er Zuo (Hu Bo), Las hijas del fuego (Albertina Carri), Trote (Xacio Baño) eta Le Livre d'image (Jean-Luc Godard) Zabaltegi-Tabakalera sailean. Donostiako Zinemaldia irailaren 21etik 29ra bitartean egingo da.

Perlak atalak beste zinema jaialdi batzuetan parte hartu izan duten filmak ekarri ohi ditu Donostiara, eta, aurten ere, hala izango da. Cannesko sail ofizialean parte hartu zuten bost lan eta Un Certain Regard saileko beste bat Perlaken programazioaren parte izango dira, eta, horrenbestez, ikusleek emandako Donostia Hiria Publikoaren Saria lortzeko lehiatuko dira. Horien artean izango dira Zimna wojna / Cold War, Pawel Pawlikowskirena (Varsovia, 1957), Cannesen zuzendari onenaren saria lortu zuena; eta 3 rokh / Three Faces, Jafar Panahirena (Mianeh, Iran, 1960), Lazzaro Felice-rekin batera gidoirik onenaren saria ex aequo jaso zuena. Panahik bigarren aldiz hartuko du parte Perlak sailean, Taxi Teheran (2015) lanaren ostean. Edonola ere, 2001ean baino ezin izan zuen Donostiara etorri, Dayereh / The Circle filmarengatik Fipresci Sari Nagusia jaso zuenean.

Era berean, hautaketan sartu dira Another Day of Life koprodukzio europarra, Damian Nenowek (Bydgoszcz, Polonia, 1983) eta Raul de la Fuentek (Iruñea, 1974) zuzendutakoa, eta Urrezko Palmarengatik lehiatu zen Netemo Sametemo, Ryusuke Hamaguchirena (Kanagawa, Japonia, 1978). Hamaguchiren lehen lana (Passion, 2008) Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten, Zuzendari Berriak sailean, eta Zinemaldiak 2000-2015eko zinema japoniar independente berriari buruz antolatu zuen atzera begirako zikloan ere sartu zuten haren lana.

Perlak sailaren lehen aurrerapen hau osatzen dute Kirill Serebrennikoven (Rostov-na-Donu, Errusia, 1969) Leto filmak —Cannesko sail ofizialean lehiatu zena— eta Luis Ortegaren (Buenos Aires, 1980) El ángel koprodukzio espainiar-argentinarrak —Un Certain Regard sailean parte hartu zuena—.

Telesail bat Zabaltegin

Zabaltegi-Tabakalera Zinemaldiko sailik irekiena izaten da, eta aurten ere espiritu horri eutsiko dio. Adibidez, Coincoin eta les z'inhumains telesaila emango du, Bruno Dumontena (Bailleuil, Frantzia, 1958). Dumont Donostiako Sail Ofizialean lehiatu zen Hadewijch filmarekin, eta Kontrauhina: Frantziako zinemarik berriena atzera begirako zikloaren parte izan zen P'tit Quinquin telebistarako lanarekin. Coincoin et les z'inhumains da, hain zuzen, azken lan horren jarraipena.

Zabaltegi-Tabakaleran izango dira, halaber, Albertina Carriren (Buenos Aires, 1973) laugarren filma, Las hijas del fuego —Argentinako film onenaren saria lortu du BAFICI jaialdian—; Da xiang xi di er zuo, Hu Borena (Jinan, Txina, 1988-2017), Berlinen saritu dutena; Belmonte, Federico Veirojen (Montevideo, 1976) film berria—Donostian askotan izandakoa da— eta Xacio Bañoren (Xove, Espainia, 1983) Trote, Zinemaldiak, Tabakalerak eta Elias Kerejeta zinema-eskolak antolatutako Ikusmira Berriak egonaldi programaren lehen edizioko film luzea.

Azkenik, Jean-Luc Godarden (Paris, 1930) Le livre d'image ere emango dute Zabaltegi-Tabakaleran. Cannesko Urrezko Palma Berezia eskuratu du aurten. À bout de soufflé filmaren zuzendariak Zinemaldiarekin duen harremana duela 50 urte baino gehiago hasi zen, 1962an, orduan etorri baitzen Anna Karinarekin batera Jacques Bourdonen Le soleil dans l'Å“il aurkeztera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.