PROPOSAMENAK

Santutegia helmuga

Oroko santutegia Bitoriano herrian dago, eta, inguruan, lau kilometroko ibilaldi bat egin daiteke. Lehengo lignito meatzeak ezagut daitezke

774 metroko garaieran dago Oroko santutegia, Bitorianon (Araba). BERRIA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Hainbat dira Zuia (Araba) udalerrian egin daitezkeen ibilaldiak, baina, oraingoan, haren barnean dagoen Bitoriano herritik abiatzen den galtzada hartu behar da, Oroko santutegirainoko bideari ekiteko. Ia lau kilometroko ibilaldi bat da, eta lasai egin daiteke; ez dago zailtasun handirik.

Murgiatik (Araba) ia bi kilometrora dago Bitoriano; herri txiki bat da, eta autoz erraz irits daiteke hara: bideko lehen geldiunea da. Oroko santutegirako bidea hartu behar da, eta urmael batekin egingo da topo bidean: bigarren geltokia da. Oroko mendia ia osorik hartzen zuten lignito meatzeak zeuden lehen han, eta, horiek barreiatzeko bagonetak etengabe iristen ziren hara; meatze ahoa eta kargagailu bat zeuden. Antonio de Intxaurregi izeneko bizilagun batek aurkitu zuen lehendabizikoz inguru hartako baliabidea, 1777an, eta meatzeak martxan egon ziren XX. mendera arte. Izan ere, herritarren eta instituzioen presioari esker, bertan behera utzi zuten jarduna, eragiten zituen ingurumen kalteak zirela eta. Hala, 1990eko hamarkadan berreskuratu zuten ingurunea, eta, egun, ingurune naturalizatu bat da, landareen eta animalien bizitokia.

Kastro bat ere bada

Eremu hori atzean utzi, eta goranzko bidea jarraitu behar da mendiaren izen berbera duen eta bere alboan dagoen Oroko santutegira iritsi ahal izateko. 774 metroko garaieran dago, eta Zuiako haraneko ikuspegiez gozatzeko aukera dago hango harkaitzetatik. Zelai zabal bat ere badago; baita jatetxe bat eta bolatoki bat ere. Santutegiari dagokionez, lehen aztarnak XII. mendekoak dira, baina egungo eraikinaren oinarria mende batzuk geroagokoa da, XV. eta XVI. mendeen artekoa.

Santutegitik metro gutxira, Atxabalgo haitzak daude. Jose Migel Barandiaran 1918. urtean joan zen hara, eta zeramika zati batzuk aurkitu zituen. 1934an itzuli zen, aurkitutakoa berresteko asmoarekin, eta material arkeologiko gehiago aurkitu zituen, Arabako arkeologia institutuaren arabera. Era horretan, Arabako Burdin Aroa ikertu zuten, kastro horretan 1964 eta 1967 artean egindako indusketekin, hain justu.

Zenbait etxebizitza eta herriko defentsa eremua atzeman zituzten indusketetan. Horrez gain, objektuak ere aurkitu zituzten: zeramikak batez ere, baina baita brontzezko objektuak ere, Brontze Aroko bereizgarri gisa. Halaber, badira ingurune horren okupazioaren lekukotzak ere, eta idatziz jasoa dago 1138an ermita bat zegoela eremu horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.