PROPOSAMENAK

Megalitikora bidean

Lesakako bideetatik Agiña mendatera igota, Jorge Oteiza eskultoreak Aita Donostiaren omenez egindako monumentua bisitatu daiteke

Aita Donostiaren omenez egindako kapera, Agiñan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
2021eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Pagadiak, baserriak eta zelai berdeak. Lesakako (Nafarroa) paraje berdeetatik abiatuta hainbat bide daude aukeran. Esate baterako, Agiña mendatera igoz gero, Aita Donostia fraide eta musikagilearen omenez egindako monumentua ikus daiteke. Aztarna megalitikoen artean, ermitau moluskuaren oskolaren forma daukan kapera eta karratu forma duen hilarria daude. Jorge Oteiza eskultoreak egindakoak dira biak. Harri grisez eginda daude, inguruko aztarna megalitikoen estetikarekin bat egiteko.

Agiñara joateko, hainbat bide daude; hala nola, Lesakan hasten den ibilbide zirkularra. Nabazetik, Amargungo lepotik eta Gardeleatik igarotzen da bidea. Itzuleran, berriz, Domikoko eta Mikel Gorriko lepoetatik eta Biurranatik pasatzen da bidea. Oinez egiteko ibilbidea da, zailtasun ertainekoa, eta hamabost kilometro ditu. Hiru eta lau ordu artean egin daiteke, eta 625 metroko gorabeherak ditu.

Izar ehiza

Mendira joateko ohiturarik ez dutenek eta haurrekin doazenek beste bide bat hautatzen dute gehienetan. Oiartzunera (Gipuzkoa) doan errepidea hartzen dute, ia tontorreraino autoz iristen dira, eta 2,7 kilometroko ibilbidea egiten dute Domiko urtegiraino. Handik ezkerrera joanez, Agiña mendatera igotzen dira. Horrez gain, bidea bizikletan egiteko aukera ere badago. Horretarako, Oiartzunera doan errepidea hartu behar da Arditurriko meategiraino. Ostean, zazpi kilometroko bide batetik pasatu behar da Aritxulegiko gailurreraino. Gailurra handik 300 metrora dago.

Ibilbideetan barna, pagadiak, zelai berdeak, mendiak, baserriak, harrespilak,iruinarriak, trikuharriak eta hainbat iturri daude; adibidez, Akerriko iturria. Tarteka hegaztiak entzun daitezke kantuan. Ibilbide guztiak Domiko urtegitik pasatzen dira. Hortaz, lasaitasuna gustuko dutenentzat oso leku aproposa da; hala ere, urtegian bainatzea debekatuta dago. Agiña mendatean dagoen kapera barrutik eta kanpotik ikus daiteke, eta, aterik ez duenez, beti irekita dago. Gailurretik izarrak garbi ikus daitezke; hortaz, leku ezin hobea da izarrei argazkiak egitea gustuko dutenentzat.

Lesakako turismo bulegoan ibilbideen inguruko informazioa eskuratu daiteke. Turismo bulegoan ez dute bisita gidaturik antolatzen. Hala ere, tarteka Lesakako Beti Gazte elkarteak mendi irteerak antolatzen ditu, Agiñara, besteak beste. Irteerak parte hartzaileen beharretara eta gustuetara egokitzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.