PROPOSAMENAK

Harresiaren babesean

Bisitariak aukera du Guardia egun batean bisitatzeko; hirigune historiko garrantzitsua du, eta inguruan ere badira hamaika aukera

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko irailaren 7a
00:00
Entzun
Muino baten gainean dago Guardia, Arabako Errioxan, eta harresi batek babesten du herriaren zatirik zaharrena. Oraindik ere erraz ikus daitezke hara sartzeko bost sarrera nagusiak, eta kaleek aise eusten diote Erdi Aroko esentziari. Are, hirigune historikoa monumentu multzo izendatuta dago. Mahastiak ditu behealdean, ardoa baita hango bereizgarri nagusietako bat, baita upeltegiak ere. Biotopo babestu bat ere badu inguruan, eta, besteak beste, urmaelak daude. Horrez gain, badira trikuharriak ere, eta ibilaldi bat egin daiteke horiek guztiak ezagutzeko.

Herria egun batean ezagutu nahi duenak eraikinak ikusiz has dezake txangoa, hala nola Erregeen Andre Mariaren elizan eta Abat dorrean. Hain zuzen, azken horrek garrantzi handia izan zuen herriko harresiak babesteko orduan, antzinako gaztelu bat baita. Bi leku horietan sartzeko ordaindu egin behar da, baina badira debalde bisitatu daitezkeen guneak ere; plaza nagusiko erlojua, esate baterako. Programatutako orduetan, eta betiere puntuetan, Katximorro pertsonaia eta bi dantzari irteten dira erlojutik, San Joan kalejiraren doinuan dantza egitera. Herriko jaiak ere era horretan hasten dituzte, ekainaren 23an.

Eguerdiko hamabietan ikus daitezke panpinak dantzan, urteko egun guztietan ateratzen baitira ordu horretan, hutsik egin gabe. Ondoren, upategietara joateko aukera dago. Gehienetan, bisita gidatuak egiten dituzte, eta aurrez ordua hartu behar da. Hala ere, kanpotik ere ikus daitezke, eta horien artean bada bat nabarmena: Ysios upategia. Santiago Calatrava arkitektoak diseinatutakoa da eraikina, eta 2001ean eraikia. ToloƱoko mendilerroaren babespean dago.

Inguruetara bisita

Egunari amaiera emateko, herriaren inguruetara jauzi egin daiteke, hala nola La Hoyako aztarnategira. Guardiaren iparraldean dago; orain milaka urte lautada batean eraiki zuten herrixka bat da. Alejandro Sampedrok aurkitu zuen, 1935ean, eta indusketak egiten hasi ziren ondorioak ateratzeko asmoz. Brontze Aroaren amaierakoak dira lehenengo aztarnak, baina herria haziz joan zen Burdin Aroan; erromatarrak iritsi baino lehenago utzi zion bizileku izateari, adituen arabera.

Historiaurreko herrixken arrastoekin batera, trikuharrien bidea ere egin daiteke, hainbat baitaude Arabako Errioxan. Horren adibide dira Sotilloko trikuharria (Guardia) eta Sorginaren Txabola, besteak beste; azken hori Elvillar (Araba) herrian dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.