Proposamenak

Iluntze girotuak

Kutxa fundazioak Kutxa Kultur Gauak programa jarri du martxan. 50 emanaldi inguru egingo dituzte, Donostiako Tabakaleran

Irudian, Iñigo Salinero bakarrizketalariaren emanaldia. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2020ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Bertako sortzaileak, bertako oholtzan eta bertako publikoaren aurrean. Gipuzkoako kulturgileei plaza bat emateko asmoz ondu dute Kutxa Kultur Gauak programa, hirugarren urtez jarraian. Ekainaren 12an jarri zuten martxan, eta irailaren 26ra bitarte ostiral eta larunbatero egingo dute kultur ikuskizun bat, Donostiako Tabakalera eraikineko laugarren solairuan. Zabaltza izeneko terrazan, «giro intimoa» sortzea helburu dute Kutxa Fundazioko kideek. Asteburu honetan, Siete C taldearen kontzertuak eta Mojo Workingen aldeko jaialdiak osatuko dute eskaintza.

Mikel Mendarte Kutxa Kulturreko zuzendariak esplikatu duenez, talentu «amateurra» ezagutzera emateko aukera eman nahi diote, noizbait «profesionala» izan dadin. «Behar duten bakarra aukerak dira, ikusleek kalitatea estimatu dezaten». Oinarri horrekin, askotariko programazioa antolatu dute: antzerkia, kontzertuak, dantza garaikidea, proiekzioak... Orotara, 50 emanalditik gora prestatu dituzte. Haurrei eskaintza egiteko asmoz, Donostia Ezagutuz eguneko udalekuak ere antolatu dituzte.

Emanaldiak 20:30ean hasita egiten ari dira, eta ordutegiak ere sortu dizkie buruhauste bat edo beste antolatzaileei. «Iaz, 20:00etan egiten genituen, eta ez zuen iluntzeko betarik ematen; aurten, 21:00etan egin nahi genituen emanaldiak, baina, koronabirusa dela eta, Tabakalerak 21:00etan ixten du, eta azkenean 20:30ean egiten ari gara emanaldiak». Bada, era horretan «giro lasaia» sortu nahi dute, ikuskizuna aurrera joan ahala eguzkia ezkutatu eta gaua egiten den bitartean.

Azkenaldiko beste hainbat ekitaldi ez bezala, Kutxa Kultur Gauak dagokion garaian egiteko aukera izan dute antolatzaileek; betiere, koronabirusaren ondorengo egoerara egokituta. «Ez dugu batere atzeratu, baina oso zorrotzak izan behar dugu; halere, pozik gaude: jendeak ondo ulertu ditu neurriak, eta errespetatzen ari da», azaldu du Mendartek.

Aurten, neurri bereziekin

Banaka eserita ikusi beharko dituzte ikuskizunak bertaratutakoek, neurri zenbait aldakorrak diren arren. Lehen asteburuan, aulkitik aulkira bi metro utzita ikusi zituzten emanaldiak; joan den astean, berriz, metro eta erdira murriztu zuten distantzia, eta ikusle gehiago sartu: 90 pertsonarentzako tokia dago. Saio bakoitzeko, 3 euroko sarrera ordaindu behar da.

Kutxa Kultur Gauak



Ostiral eta larunbatean, 20:30ean, Donostiako Tabakalerako terrazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.