Proposamenak

Lur azpiko altxorrak

Historia eta mitologia elkartzen ditu Dimako Baltzola kobaren inguruak. Ibilbide errazak eta eskalatzeko aukera ere eskaintzen du haitzuloak

Baltzolako kobaren sarrera. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Peru Azpillaga Diez.
2020ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Dima eta Otxandio (Bizkaia) elkartzen dituen errepidearen ondoan dago Indusi auzoa. Berau da historiaurrea eta elezaharrek bat egiten duten zoko bitxienetako batera iristeko biderik zuzenena. Bertatik erraz heldu daiteke Baltzola, Jentilzubiko arkua eta Axlorreko babesguneak osatzen duten gunera; besteak beste, jentilen, laminen eta Sugoiren aterpe izandako parajeetara. Baina pertsonaia magikoak ez ezik, hezur-haragizko gizakiak ere gorde ditu leizeak. Aztarna arkeologikoek gutxienez hala diote. Gaur egun, lur azpiko bideetan aritzen diren espeleologoentzat bide amaiezinak gordetzen ditu ere Baltzolako kobak, baita eskalatzaile ausartenentzako erronka bereziak ere.

Seinaleei jarraituz, Gibiltar baserrira helduko da ibiltaria berehala. Horrek gordetzen du ibilbidearen lehen kondaira. Kontakizunen arabera, lamina bat joaten zen hara gauero, Baltzola erreka bazterrean ahaztutako orraziaren bila. Aurrera jarraituz, bideak naturak utzitako harrizko zubi bat uzten du begi bistan: Jentilzubi. Izatez, haitzuloen sarbidea zen, baina lurraren higadurak arkua baino ez du utzi zutik. Azalpen geologikoaz gain, mitologikoa ere badu Jentilzubik: diotenez, jentilen bizitokia zen Baltzola, eta Urrusteiko eta Kobagaineko tontorrak gurutzatzeko eraiki zuten harrizko zubia.

Aztarna arkeologikoak

Azken hori azpitik igarota, berehala ikusten da Baltzolako haitzuloaren aho handia. Txiki geratzen da, ordea, barruko galeriekdituzten 13.000 metroekin alderatuz gero. Espeleologoei urteetako lana ekarri die kobazuloaren barruak aztertzea.

Espeleologian ez ezik, arkeologian ere garrantzia du Baltzolak. 1932an haitzuloa aztertu zuen Jose Migel Barandiaran etnografoak, eta historiaurreko aztarnak jaso zituen bertan egindako indusketetan. Aztarna arkeologikoek diotenez, Bizkaiko lehen biztanleen kokalekua da Baltzola. Kondairaren arabera, ordea, Sugoiren bizitokia zen koba hura. Gaur egun, berriz, eskalatzaileak dira bertako biztanle nagusiak. Milaka dira urtero Baltzolako sarreran eskalatzen aritzen direnak. Paretetatik eskegita dauden mosketoi eta zuloak haitzuloaren paisaiaren parte bihurtu dira aspaldidanik.

Jentilzubi eta Baltzolako kobak lotzen dituen bidexkan, Axlor babeslekura doan bidezidorra ere badago. Barandiaranek eman zuen Baltzolako labirintoetatik gertu dagoen aztarnategi horren berri. Erdi Paleolitoko Moustier arorako bidaia proposatzen du hesi batekin estalita dagoen babeslekuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.