PROPOSAMENAK

Nabigazioa eta beste

Hainbat erakusketa ikusi ahal izango dira udan Bilboko Itsasmuseum museoan: Elkanori, nabigazioari eta meatzaritzari buruzkoak, esaterako

Bisitari bat, Elkanoren inguruko erakusketan, argazki bat ateratzen. ITSASMUSEUM.
amaia igartua aristondo
2020ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Duen gaiari erreparatuta, toki ezin hobean dago Bilboko Itsasmuseum: lehengo Euskalduna ontziolak zeuden tokian, iragan hori biltzen duen museoa dago gaur egun. Itsasadarrak eta Bilboko beste hainbat sinbolok, karolak edota gabarrak, esaterako, inguratzen dute, eta, kokalekuak ez ezik, barruan aurkitu daitekeenak ere egiten du berezi. Izan ere, «inguruan ez dago Bizkaiko itsas historia eta kultura batzen dituen» museorik, Andrea Gorostiaga prentsa arduradunak aldarrikatu duenez.

Gai zehatza landuta ere, ugaria da Itsasmuseumek duen eskaintza, erakusketa iraunkorretatik harago. J. S. Elkanoren aztarnaren bila, erakusketa «mamitsua» gomendatu du Gorostiagak, nabigatzailearen zaleentzat zein hark egindakoak ezagutu nahi dituztenentzat: «Ikerketa sakon baten emaitza da erakusketa». «Bereziki» helduentzat gomendatu du, baina haurrek ere izango dute Elkanoz gehiago jakiteko aukera. Gaur eta bihar, hari buruzko tailerra antolatuko dute museoan, eguerdian; haurrek bakarrik parte hartu beharko dute ekintza horretan, baina gurasoekin joan ahal izango dira bisita gidatuan.

Elkanoren erakusketaz gain, uda hasieran irekitako beste bi ikus daitezke Itsasmuseumen. Haietako bat nabigazioaren historiaren laburpena da, playmobilez egindako dioramak erabilita. Familien artean, harrera «oso ona» izan duela esan du Gorostiagak: «Helduentzat zein haurrentzat da gomendagarria. Nabigazioaren historiaren pasarteak oso erraz uler daitezke». Udako beste erakusketak meatzaritza du hizpide, baina horretan ere urak badu zeresana: «Gaur egun itsasadarretik paseo bat ematen badugu, eta arreta jartzen badugu, gure iragan industrialaren aztarnak ikus daitezke, batez ere meatzaritza arlokoak». Erakusketa zamatzeko tokiei buruzkoa da, batez ere. Minerala kargatzeko toki horien argazki zaharrak biltzen ditu, baina baita gaur egungo irudiak ere, toki horiek utzitako aztarnak erakusten dituztenak: «Kasu batzuetan, aztarnak nabariagoak dira».

Itsasmuseumen ere osasun neurriak ezarri dituzte. Maskaraz, distantziaz eta eskuen garbitasunaz gain, irekiera orduak hamabost minutuko txandetan banatuko dira, eta bakoitzean hamabost pertsona sartuko dira gehienez. Lekua ziurtatzeko, sarrerak Internet bidez erostea gomendatzen dute; bertan, txartelarekin baino ezingo da ordaindu.

Bilboko Itsasmuseum



11:00etatik 19:00etara, asteartetik igandera bitarte zabalik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.