PROPOSAMENAK

Sorgintzaren txokoak

Zugarramurdin, Sorginen Museoa eta leizeak dira erakargarri nagusiak. XVII. mendean izandako sorgin ehizaren memoria bizirik da bertan

Bisitari bat Zugarramurdiko leizeetan. JOSEAN GIL-GARCIA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2020ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Nafarroaren ipar-mendebaldean dago Zugarramurdi, Baztanaldean, Baztan Bidasoa eskualdearen barrenean. Hurbil ditu Sara eta Ainhoa (Lapurdi), baita Urdazubi ere (Nafarroa). Mendiz eta baso abartsuz inguratua dago herria, pagadiek eta iratzeek apaindua. Dena dela, ezaugarri jakin bati zor zaio herriaren sona, baita nazioartean ere: sorginen herria izateagatik da ezaguna Zugarramurdi. Bertara bisitan doan edonork aise ikus dezake sorgintza kontuek urtetan herrian utzitako arrastoa. Ikusi bakarrik ez, ikasteko aukera ere ematen du bertaratzeak. Esaterako, nori esaten zieten sorgin, eta zer zekarren hala deitua izateak.

Sorgin ehizak sarraskia egin zuen Zugarramurdin XVII. mendearen hasieran; 1609. urtetik aurrera, zehazki. Batik bat sorginkerietan ibiltzea eta akelarreetan parte hartzea egotzita, 53 pertsona auzipetu, eta Logroñora (Espainia) eraman zituzten. Batzuk barkatuak izan ziren gerora; delitu txikiak leporatu zizkieten beste zenbaiti, baina, azkenik, torturatuak izan ziren hainbat, eta hamaika lagun sutan erre zituzten 1610eko abenduan.

Gertatutakoa ez ahazteko

Sorginkeria akusazioen garaiak dakartza gogora Zugarramurdiko leizeetan sartzeak, nolabait. Kobazulo horietan biltzen omen ziren ustezko sorginak akelarreak egiteko. Egun, ederra da naturak bertan duen txokoa, bisitari gehienen esanetan.

Herrigunetik kilometro erdi eskasera dago leizea, mendebaldera; Sarara bidean, alegia. Infernuko erreka deitzen zaion ur-korronte batek sortua da haitzuloaren barrunbe nagusia, eta, horrez gain, leizeak beste bi galeria ditu goialdean. Bisita gidatuak antolatzen dituzte, goizez eta arratsaldez.

Leizeek ez ezik, Zugarramurdiko Sorginen Museoak ere asko du erakusteko eta irakasteko bertara joaten direnei. Arduradunek diotenez, sorgin ehizaren garaian herrian gertatutakoa ez ahazten laguntzen du museoak; helburu horrekin ireki zituen ateak 2007an. Astegunetan eta astebukaeretan bisitatu daiteke, astelehenetan salbu, itxia baitago. Eskaintzen dituen jardueren artean, aipatzekoa da Bakoitzak bere sorgina tailer artistikoa: sorginaren irudiaren gainean sortutako estereotipoak iraultzeko gonbidapena egiten du.

Pandemiaren ondorioz, sarean soilik eros daitezke leizerako eta museorako sarrerak. Jarduera guztietan, derrigorrezkoa da uneoro maskara jantzita edukitzea. Leizean, berriz, maskara erantzita egin daiteke bidearen zatirik handiena, distantzia gordeta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.