PROPOSAMENAK

Huts eta beteen lilura

Jorge Oteizaren artelan gehienak Altzuzan daude ikusgai, Oteiza museoan. Artistaren lantegia eta liburutegia ere bisita daitezke

Bisitari bat artelanei begira, Oteiza museoan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2020ko irailaren 11
00:00
Entzun
Masarik eza, hutsunea, forma geometrikoak eta espazioa bera: horiek guztiak eta beste hainbeste landu zituen Jorge Oteiza eskultoreak (Orio, Gipuzkoa, 1908- Donostia, 2003) bere lan eta ikerketetan. Batik bat harria, burdina eta igeltsua erabiliz, bilduma oparoa utzi zuen bere ibilbide artistikoan. Oriotarra izanagatik ere, Altzuzara (Nafarroa) jo zuen lanean aritzeko bakardade bila, eta, hain zuzen ere, hantxe dago artistaren izena duen museoa. Halaber, artistaren lantegi-etxea eta liburutegia ere bisita daitezke han; elkarren artean komunikatuak daude hiru guneak. Horiei esker, bisitariak bete-betean murgildu daitezke Oteizaren eskulturan.

Altzuzako hego mazelaren gainean dago museoa, berdez inguratua. Francisco Saenz de Oizak diseinatu zuen proiektua, eta 2003an egin zuten eraikina. Erraza da antzematen zein den, ikusgarria baita estetikoki: gorriz tindatutako kubo itxurako bat da, eta hiru argizulo prismatiko ditu gainean. Dena dela, arkitektoak adierazi zuenez, azken emaitza «bakuna eta sinplea» izatea nahi zuen. Zioenez, oso inportantea zen «edukiaren eta edukitzailearen arteko oreka» erdiestea.

Eraikinaren aldeetatik sartzen dira argi-izpiak museoaren barnealdera, eta argi, ilun eta kontrargiek girotzen dute Oteizaren obren agertokia; bai gune nagusia, bai museoko gainerako aretoak.

Ondare oparoa ikusgai

Oteizaren artelanen gordailu aberatsa da museoa. Izan ere, Jorge Oteiza fundazioak artista oriotarraren ibilbideko 1.690 eskultura eta 8.000 marrazki baino gehiago biltzen ditu, besteak beste. Gaur egun, lan guztien laginetako bat ikusgai dago Oteiza 1908-2003 bilduman. Artistak landutako 150 eskultura eta haren Klarion Laborategiko 300 pieza ikus daitezke. Gainera, orain arte argitara eman gabeak diren zenbait lan daude jasota han: hala nola igeltsuan egindako hainbat obra, 40 marrazki eta collage, eta Oteizaren agiri eta eskuizkribu batzuk. Museoko arduradunen arabera, piezak ikustea biziki argigarria da Oteizaren sorkuntza ibilbideari buruz gehiago jakiteko eta «artistaren ideien eta sentimenduen arteko eztabaidak ulertzeko».

Lantegi-etxea eta liburutegia bisitatzea ere gomendagarria da horretarako. Ordutegi bera dute hiru guneetan: astelehenetan salbu, egunero irekitzen dituzte ateak. Asteartetik ostiralera, goiz eta arratsaldez bisita daiteke. Astebukaeretan, berriz, soilik goizez. Pandemiak ez du galarazi bisitak egitea, baina lagun kopurua mugatu dute, eta bisita gidatuak etenda daude behin-behinean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.