PROPOSAMENAK

Saratik Xareta ikusi

Sarako plaza inguruan bada zer egin: txalaparta, eliza, Suharriaga lorategia.... Zuhalmendik, berriz, sekulako bistak eskaintzen ditu

Zuhalmendi kaskoak sekulako bistak eskaintzen ditu. NAHIA GARAT.
Ainize Madariaga
2021eko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Saran (Lapurdi) berean egotea jada bada ikusgarria. Plazako herriko etxeko edantegian kafe bat hartzea merezi du, plaza horren indarra sentitzeko, frontoiaren bisean bis. Ez litzateke huts egin behar Axularrek hainbertzetan erabili zuen elizako ezkilaren ondoko hitzek diotena: «Oren guziek dute gizona kolpatzen; azkenekoak du hobirat egortzen».

Ondotik, pilota plazaren eskuinaldean, nahi duenak txalaparta finkoa jo dezake.

Gorago, gaztetxearen ondoko Suharriaga lorategian, Iñaki Iriarteren eskulturak oroitarazten du herriak zenbat sufritu zuen 1813. eta 1814. urteen arteko gerla napoleonikoan: 11.000 heriotza eragin zituen. Hiru hamarkada behar izan zituen berriz altxatzeko.

Berriz plaza aldera jautsiz, ezkerreko karrikaren buruan, Arraya ostatu euskaldunetik iraganez, erromatar galtzadak promenatzeko parada eskaintzen du.

Alta, gehiago kurritzeko enbeia duenak ere badu horretarako hauta. Plazatik beretik abia baitaiteke goiz osorako inguru eder baten egitera Zuhalmendirat, zeinak kostaldeko bista harrigarrienetarikoa eskaintzen duen.

Elizarat buruz joanez, hilerriari lotua den bide ttipitik beheiti hartuz, gerla napoleonikoen xendran barrena abia daiteke ibilbidea.

Errepidea zeharkatuz, trikuharri zaharberrituak eginen dio batzarri ibiltariari. Hilerri berriko hilarriak aski ikusgarriak dira, bai bidexka hegiko etxaldeak ere.

Baselizatik ezkerreko bidea har, horren buruan beheiti joan, eta lehena ezker. Galtzada oihan petik iragaten da. Errekatxoa zeharkatu behar da, lauzak baliatuz.

Ehun metrora dagoen bide ttipia har, eta, 500 metro eginik, eskuin. Hortik, aldapa xuta izanen da, lepo bateraino; Zuhalmendi kaskoa eskuinean nabarituko da. Aski da kaskoraino igatea.

360 graduko panoramaz gozatzea bertzerik ez da egin behar: bertze behin ere, gerla napoleonikoetako gotorlekuen herexak ikusgai dira. Itsasoari so, Donibane Lohizune (Lapurdi) ageri da, bai Larhun mendia ere, ondoan.

Itzultzeko, etorri bideari ekin behar zaio leporaino, eta hortik hauta daiteke bide beretik jautsi edo San Inaziotik.

Bigarren kasurako, lepoaren pareko bideari ekin behar zaio. Azkar jautsiko da eta iganen. Ermita Baitatik iragaten da bidea. Bi aldiz ezkerretara egin, San Inazioko aparkalekura heldu arte. Poliki-poliki, Berako bidea zeharkaturik, plazara iritsiko da ibiltaria.

Euskaraz bazkaldu nahi duenak autoa har dezake Urtxola jatetxeraino. Toki berean da Eskutik enpresa, zeinak eskuz eta euskaraz egiten baititu larruzko pilotak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.