Mendeetako harriak

Brontze Aroko trikuharriak eta Erdi Aroko harresiak bisitatzeko aukera ematen du Artaxoak. Harresien azpian eraikia da harrizko herria

LANDER F.ARROYABE / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
2021eko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Harrizko karriketan barrena eta inguruko zelaietan ibilita, denboran atzera egin eta zenbait mendetan geldialdia egiteko aukera eskaintzen du Artaxoak (Nafarroa). Hala, trikuharriek historiaurreraino eramanen dute bisitaria, eta harresiek, Erdi Aroraino. Herritik abiatuta, lau kilometroko bidea dago dolmenak ikustera joateko, eta autoz ere ailegatu daiteke bertaraino.

Harresi luze batek zaintzen du Artaxoa herria XI. mendetik. Hortik behera eraikia dago harrizko karrika estuez osatutako herria. Harresietarako sarrera librea da. Herrian barneratuz gero, puntak edo puntu erdiko arkuak dituzten XVI. mendeko eraikinak ikus daitezke, baita XVIII. mendeko armarri, jauregi eta pasabideak ere. XIII. mendean ere egin daiteke geldialdia karrika horietan: San Pedro eliza gotikoa garai hartakoa baita. Ezkilen hotsa adituz gero, jakin haietako bi erromatarrak direla; zaharrena, 1735ekoa. Artaxoako ezkilak bereziak dira, beste aldera jotzen diren ezkila bakarrak omen direlako munduan.

Brontze Arotik zutik

Denboran are atzerago egiteko, dolmenen bidea egin beharra dago: historiaurrera ailegatuko da bisitaria modu horretan. Herritik lau kilometrora daude Enerizko ataka eta Ferrangorteko La Mina trikuharriak, Brontze Arokoak. Nafarroako kultura megalitikoaren adierazpide garrantzitsuenetako bi dira horiek, eta agerian uzten dute gizakiak toki hartan bizi izan zirela milaka urtez. Ferrangorteko La Minaren inguruetan menhirra ikusteko aukera ere badago.

Korridore dolmenak dira, megalito edo harri handiez osatuak, eta hogei metroko diametroko eta 2,5 metroko altuerako tumuluetan daude. Dolmenak duela 50 urte aurkitu zituzten, eta kanpora atera. Korridorea, ataria eta hil ganbara dute bi trikuharriek, baina Enerizkoa handiagoa da. Inguru horietan ez zituzten soilik dolmenak aurkitu: lepokoak, gezi puntak, kobrezko puntzoiak, botoiak, zeramikak eta aizkorak ere bildu zituzten. Horiek 30 kilometrora daude gordeta eta ikusgai, Iruñean, Nafarroako Museoan, hain zuzen ere.

Trikuharrietara iristea erraza da, bidean geziak paratu baitituzte. Enerizko atarira autoz ere joan daiteke, eta La Mina trikuharria gertu dago, 800 metroko xendari jarraikiz. Zailagoa da Gazteluzar goialdera ailegatzea. Han, Burdin Aroko kastro bat dago, eta harrizko harresi handi bat. Harrizko etxeetan bizi zen gizatalde indoeuropar batek Dorre izeneko herrixka eraiki zuen han, eta hondarrak mantentzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.