PROPOSAMENA

Kaxkoaren ondarea

Hernaniko erdigunea paseo atsegina da Erdi Aroaren zaleentzat. Eraikin esanguratsuak eta historiaz beteriko kaleak topa daitezke han

Udaletxe azpiko arkua herriko sarrera nagusia zen Erdi Aroan. JON URBE / FOKU.
Olatz Esteban Ezkati.
2021eko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Sagardotegiak, parranda, San Joan jaiak, Txillida Leku... Hernaniri (Gipuzkoa) lotuta dagoen iruditeriaren parte dira guztiak. Poteoan edo ordu txikietako nahasmenduan gurutzatutako Erdi Aroko kaleek, baina, badute zer ikusi eta ikasi. Patxadaz paseatzeko ere badu bere xarma herriko kaxkoak.

Hernaniko alde zaharra bi kalek osatzen zuten sortu zen garaian, XIII. mendean, eta kale horiek dira egun ere herriko jardueraren erdigunea. Muino baten gainean eraikia izaki, aldapatsu bihurritzen dira bi kaleak, itxura obalatua emanez hirigune historikoari. Zatirik altuenean du abiapuntua ibilbideak; Gudarien plazan, udaletxeak eta elizak bat egiten duten zabalgunean. Zazpi arkuk eusten diote herriko etxeari, eta horietako baten azpian dago herriko sarrera nagusia izan zen arkua. Izan ere, harresiz inguraturiko herria izan zen Hernani Erdi Aroan. Elkar besarkatzen dute udaletxeak eta San Joan Batailatzailearen elizak. Herriko patroiari eskainia dago XVI.mendeko parrokia, eta San Joan gauean, akelarre arteko suen lekuko da.

Bi kaletan irekitzen da enparantza. Ezkerrekoa hartuta, kale nagusitik beherantz, hainbat eraikin esanguratsurekin egingo du topo bisitariak; Dorretxea eta Aierdi etxea, esaterako, XVI. mendean eraikiak. Kalean behera eginez, beste zabalgune bat topatuko du: Plaza Berria. Historikoki merkatuaren plaza eta tranbiaren geldiune nagusia izandakoa goizeko kafe zaleen eta haurren topalekua da egun.

Portada, arkua eta andreak

Beheranzko bideari jarraituz, hirugarren eta azken zabalgunea dago, Zinkoenea plaza, eta bertan, nagusi, San Agustin komentua. Komentuko parrokiaren portada erromanikoa XIII. mendekoa da, eta gotikorako trantsizioaren adierazle da. Goranzko bidea alboko kaletik egin daiteke. XX. mendean Kardaberaz eta Urumea izenez zen ezaguna, baina 2014 geroztik izendapen berri bat du: Andrekale. Izan ere, bertan biltzen ziren herriko emakumeak lanerako, kartetan jokatzeko edo arropa biltzeko.

Plaza Berrira itzulita, Portalondo etxea aurkituko du bisitariak, herriko etxerik zaharrena. Erdi Aroko eraikina da, eta, ziurrenik, hiriaren babes harresiaren zatia izango zen. Kalean gorantz, oraindik ere mantentzen den herriko bigarren sarrera dago. Herria harresiz inguraturik zegoen garaiko arku zorrotz hori XIV. mendean eraiki zen. Kalearen goiko zatia, askorentzat ezagunena, tabernen eta parrandazaleen elkargunea da. Hasi den plaza berean amaitzen da osteratxoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.