PROPOSAMENAK

Burdin garairako bidaia

Mendeetako historia duten burdin meategiak dira Zeraingoak, eta galeriak eta labeak ikusteko ibilbide atsegina egin daiteke han

Burdina kiskaltzeko labeak ikus daitezke Aizpean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Olatz Esteban Ezkati.
2021eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Aizkorri-Aratz parke naturaleko magal berdeez inguraturik bizi da Zerain (Gipuzkoa). Nekazaritzari eta naturako lehengaiei erroturik egon izan da beti Goierriren bihotzean dagoen herri hori. Iragan meatzariaren aztarnak bizirik daude oraindik, eta herriak eskaintzen dituen interesgune nagusietako bat dira.

Herriko plazan topatuko du bisitariak turismo bulegoa. Handik irteten dira asteburuetan bisita gidatuak, behinola burdinaren ustiapen eremuak izan ziren lekura. Bestelako egunetan, nork bere kabuz ere bisita dezake ingurua. Herriaren mendebaldean dagoen Aizpea auzoan daude meategiok, plazatik hiru bat kilometrora. Oinez, 40 minutu inguruko paseo atsegina da, eta autoz joateko aukera ere badago.

Egun Burdinaren Mendia gisa ezagutzen den eremuan daude Aizpeako meategiak eta Aizpittako interpretazio zentroa. Burdingintza Zeraingo herritarren identitatearen parte izan da zortzi mendez: meategien lehen erreferentziak XII. mendekoak dira, eta ustiapen lanetan aritu ziren 1951. urtean azken labeak itxi zituzten arte. Mendeetako ustiaketek burdin lurretako paisaia berezia sortu dute inguruotan, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Multzo Monumentala izendapena du meatze guneak.

Labeen ibilbidean

Azpittako interpretazio zentroan hurbiletik ezagutu daitezke meatzeen historia eta burdingintzaren prozesua, ikus-entzunezko erakusgelen bitartez. Burdingintzak izan duen garrantzian eta eraginean interesa duen ororentzat geldialdi ezinbestekoa da. Bertatik abiatzen da Labeen jiran deritzon ordu erdi inguruko ibilbidea. Aukera ederra da inguruko punturik esanguratsuenak arakatzeko, informazio mahaiz osaturiko gune tematikoa baita.

Ibilbidean, meatzeen barrunbeak bertatik bertara ikusteko aukera dago. Gainazaleko burdina amaitu zenean, galerietatik hasi ziren minerala ateratzen Aizpean, eta 200 galeria ingururen zantzuak geratzen dira. Polborina izenez ezagutzen da horietako bat, eta bertan murgildu daitezke bisitariak.

Industriaren garapenarekin batera, berrikuntzak heldu ziren Burdin mendira ere: XIX. eta XX. mendeetan burdinaren eskaintzaren hazkundeari erantzuteko hiru labe eraiki zituzten. Horiek dira meategien azken geldiunea. Garai hartako ekoizpen prozesua nolakoa zen ere ikus daiteke han. Turismo bulegoak gidaturiko bisitak egiten ditu udako asteburu zein jaiegunetan, 11:30ean. Horretarako, erreserba egitea komeni da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.