PROPOSAMENAK

Gartxoten lorratza

Gartxoten leizea eta Pirinioetako bista bikainak aurkitu daitezke Itzaltzutik abiatuta, Elkorretan barrena. 36ko gerraren arrastoak ere badira bidean

Gartxoten leizearen sarrera, Elkorretan. IKER TUBIA.
Iker Tubia.
2021eko irailaren 2a
00:00
Entzun
Ehunka uso Elkorretako inguruetan. Itzaltzuko bardoaren bila etsipenetan. Hala dio Benito Lertxundik, Gartxot XII. eta XIII. mendeen arteko bardoaren kondairaren berri ematen duen kantan. Aurretik aipatua zuen Arturo Campionek, El bardo de Itzalzu eleberrian, eta ondotik Asisko Urmenetak, komiki batean eta film batean: Gartxot, konkista aitzineko konkista. Han, Elkorretan, bada leize bat, eta herritarrek kontatzen dute Gartxot hartan hil zela. Mikelot semea hil zuen, monjeek haiekin eraman ez zezaten, eta bardoak berak aukeratu omen zuen zigorra han betetzea.

Gartxotek egurrezko eskultura bat du Itzaltzu herrian, kondairaren oroigarri. Mendi bide bat ere badago: Gartxoten Bidea. Ibilaldi zirkularra da, Itzaltzu herrian hasi eta bukatzen dena. Bide luzea da, ia lau ordukoa; 11,3 kilometro ditu, eta 510 metroko desnibela. Bide horren erdian, Elkorretan, Gartxoten kobazuloa ikus daiteke. Ur jauzi bat, 36ko gerraren arrastoak eta Pirinioetako panoramika ederrak ere aurkituko ditu bisitariak.

Ibilbidea herritik kilometro batera dagoen etxola baten ondoan hasten da, Uztarrozeko errepidea hartuta. Haritzen artetik igarota, 36ko gerraren arrastoa ikusiko du bisitariak: metrailadore habia deitzen duten aterpea. Espainiar soldaduak inguru haietan ibiltzen ziren, muga zaintzen, makiak igaro zitezkeelako. 1940 eta 1944 bitartean, soldaduek eta esklaboek Gutierrez lerroa eraiki zuten. Horren parte da aipatutako habia.

Bidean jarraituta, Krutxeako aska eta Elkorretako haitzen inguruan dagoen ur jauzia ageri dira. Elkorretako leizea ur jauzitik metro gutxira dago. Haitz handi batean zirrikitu bat ageri da; kondairaren arabera, Gartxoten presondegia izan zen. Bidean, larreak eta haritz basoak zeharkatuko ditu mendizaleak, azkenengo maldatik behera berriz ere Itzaltzura iritsi arte.

Otsagabitik abiatuta

Gartxoten Bideari buruzko informazioa Otsagabiko turismo bulegoan (Nafarroa) jaso daiteke. Astelehenetik larunbatera 10:00etan ireki eta 14:00etan ixten dute, goizez; arratsaldean irekita dago 16:30etik 19:30era. Igandeetan, goizez baizik ez dute irekitzen. Gainera, bestelako bideak egiteko informazioa ere badago. Otsagabitik bertatik ateratzen dira Larrexua leizera doan Peña Marta bidea, Muskildako itzulia, Uditik Zubibarrenarako bidea, Zubigoena eta Otsateko amildegia. Azkenengo bidea Otsagabitik Itzaltzura doana da. 3,2 kilometroko bidea da, pinu, pago eta izei basoetan barrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.