PROPOSAMENAK

Natura eta historia, bat

Antio-Belokiko ibilbide paisajistikoa Zumarragako naturaren eta bilakaera historikoaren erakusleihoa da. Antioko baselizan hasi eta amaitzen da

Antio baselizaren barnealdea. Sabaia egurrezkoa da. GOTZON ARANBURU / FOKU.
Aitor Garmendia Etxeberria.
2021eko irailaren 10a
00:00
Entzun
Ibilbide paisajistikoa deitu diote Zumarragako (Gipuzkoa) Beloki mendia inguratzen duen bideari. Izan ere, Antioko baselizaren ingurunea ezagutzeko aukera paregabea da. Zumarragako ondare natural eta historikoa ditu ardatz hiru kilometroko ibilaldiak. 50 minutu inguruan egin daiteke, eta ez du zailtasunik.

Antioko baseliza da irteera gunea. Ibilbidea luzatu nahi izanez gero, Zumarragako hirigunetik ere abia daiteke. Osterantzean, ermitaren inguruan aparkalekua dago. Baseliza Zumarragako eraikin aipagarriena da, bisitatu beharrekoa. Erromanikoa da, baina elementu gotikoak ere baditu, Andre Mariaren egurrezko tailla, esaterako.

Kondairaren arabera, kristauak ermita eraikitzen hasi zirenean, jentilek harriak jaurti zituzten Aizkorritik eraikinaren aurka. Azkenean, jentilek jaurtitako harriek osatu omen zuten baseliza. Harriz eta egurrez eraikita dago, eta egurrezko sabaia da bisitariak aho zabalik uzten dituena. Irailean eta urrian, asteartetik igandera egoten da zabalik, 11:30etik 13:30era eta 16:30etik 19:30era. Sarrera doakoa da.

Alboan, Antioko interpretazio zentroa dago. Ermitaren eta herriaren bilakaera historikoa ezagut daiteke hartan. Garai bateko Urola trenaren bagoi bat ikusgai dago, eta Urola Garaia eskualdeko turismo bulegoa ere bada. Astelehenetan itxita egoten da, baina gainontzeko egunetan goizez zabaltzen dute. Larunbatetan, berriz, arratsaldez ere bai. Tarifa orokorra bi eurokoa da, eta murriztua euro batekoa. Informazio guztia www.urolagaraia.com webgunean eskuragai dago.

Ibilbide paisajistikoa interpretazio zentroaren jarraipen moduko bat da. Bost atseden gune ditu, eta bakoitzak gai bat lantzen du. Lehena Legazpi dorretxearen ingurukoa da. Eraikina herrigunean dago, eta Migel Lopez Legazpikoa esploratzailea jaio zen han.

Hurrengoak saskigintza du ardatz. Zumarragan garrantzitsua izan zen ekonomia jarduera hori, eta, atsedengunean, informazio panelez gain, saski apaingarri batzuk daude. Hirugarren gunea Antioko baselizaren ingurukoa da. Handik, Beloki mendi gailurrerako bidezidorra har daiteke.

Azken bi atseden guneak metalgintzari eta trenari lotutakoak dira. Biak dira funtsezkoak Urola Garaiko historia ulertzeko. Lehena metalezko hainbat xaflarekin apaindua dago; bigarrenean, burdinbide zati bat dago.

Geralekuetako apaingarriek paisaiarekin bat egiten dute. Ibilbide guztian, inguruko gailurrak ikusten dira, baita Aizkorri-Arazko eta Aralarko parke naturalak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.