Itxaropena galdu gabe

Bilboko Zazpikaleetako Itxaropena pilotalekua eraisteak ezinegona eragin die bilbotarrei. Metroaren 3. bideko lanengatik bota behar dute, eta lanak bukatutakoan, berriz eraikiko omen dute.

Itxaropena pilotalekua hainbat belaunalditako bilbotar pilotazaleen topagunea izan da urteetan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2013ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Itxaropena frontoia toki oso maitatua da bilbotar pilotazaleentzat. Bertan hezi baitira hiriko pilotari gehienak. Horietako bat da Juan Carlos Garcia Jota (Bilbo, 1978). «Itxaropena pilotalekua erreferentzia bat da guretzat; bertan jokatu dugu txikitatik, eta bertan ezagutu dugu elkar gutariko askok». Pilotaleku zaharra bota behar dutela zabaldu da azkenengo asteetan prentsan, Bilboko Metroaren 3. bidea egiteko lanengatik. Eta horrek ezinegona piztu du frontoiko erabiltzaileen artean.

Duela aste batzuk jakinarazi zuten: Zazpikaleetako Itxaropena frontoia bota behar zuten. Andoni Aldekoa Bilboko Udaleko Alkatetzako ordezkari zuzendaria lanen ostean beste frontoi bat eraikitzearen alde dago. «Eusko Jaurlaritzari esango diogu espazio hori erabil dezakeela lanak egiteko, baina gero frontoia berreraiki beharko dutela», azaldu du Radio Bilbaon. Aldekoak ez dio BERRIAri erantzun nahi izan, eta irrati kate horretan egin ditu gaiari buruzko adierazpen bakarrak.

Aldekoak azaldu du lanek bi urte iraungo dutela, eta ostean Eusko Jaurlaritzak beste frontoi bat egin beharko duela. Frontoia udalarena baldin bada ere, metroko obrak Jaurlaritzaren eskumena dira, eta hari dagokio frontoiaren eraiste eta berreraikitze lanak egitea. Horren harira, Aldekoak esan du saiatuko direla berreraikitzean egungoa baino eraikin handiago bat egiten.

Frontoiko erabiltzaileak, ordea, ez daude lasai. Oier Landak (Bilbo, 1992) hamar urte baino gehiago daramatza Itxaropena pilotalekuan jokatzen: «Betidanik entrenatu naiz hemen, eta orain, gainera, pilota irakaslea ere banaiz». Frontoia eraitsiko zutela duela egun batzuk esan zion pilota eskolako zuzendariak. Oraingoz, lagunen artean baino ez dute hitz egin gaiaren inguruan, baina ez dakite zer gertatuko den euren entrenamenduekin: «Itxaropena okupatua egon denean, Txurdinagara bidali gaituzte, baina urrunegi dago egunero joateko. Eta oraingoz ez digute Miribillara joaten uzten, han elitekoak baino ezin direlako entrenatu». Bilboko pilota eskolan, 50 bat umek ikasten dute pilotan. Horiez gain, seniorrak ere bertan entrenatzen dira. Baina ez dira frontoiko erabiltzaile bakarrak.

Jotak betidanik jokatu du Itxaropena frontoian. Gaur egun, astelehenero elkartzen da lagunekin partida batzuk jokatzeko. Duela hiru urte, pilotazale peña bat sortu zuten Bilbo Zaharreko Larrabetzu tabernan, Miribillako frontoia egin zutenean. Orduan hasi ziren antolatzen partidetara denak elkarrekin joateko eta beste hainbat kontu egiteko: «Partida garrantzitsuak daudenean, finalak edo, bazkaria egiten dugu. Eta gero partida ikustera joaten gara». Horretaz gain, jokatu nahi duen guztiarentzat eskupilota txapelketak ere egiten dituzte. Urtean bi: buruz burukoa eta bikoteka. Eta partida gehienak Itxaropenan jokatzen dituzte.

Pilotaleku bizia

Halere, Jotari Itxaropenatik gehien gustatzen zaiona pilotalekuak duen bizitza propioa da. «Ofizialki ezer egon gabe, jendea bere kabuz antolatzen da; normalean han ibiltzen direnek badakite goizetan Betikoko beteranoak aritzen direla; arratsaldeetan, pilota eskolakoak... Bilbo Kirolakoek goizetan ireki eta gauetan itxi baino ez dute egiten», azaldu du Jotak.

Instituzioek ez dute azalpen asko eman oraingoz, eta erabiltzaileak ezustekoari aurre egin nahian dabiltza. Baina hedabideetan zabaldutakoa egia bada, gutxienez bi urtean Zazpikaleetan ez da frontoirik egongo. Beraz, hilabete honetan erabiltzaileen artean hitz egingo dute, arazoari nolabait aurre egiteko. Denek dute Zazpikaleetan txapa hotsa luzaroan entzungo den itxaropena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.