Brontze trafikoagatik, mutu

Egun hauetan ez da kanpai hotsik entzuten Karrantzako Presa auzoan, San Martin elizako kanpai bi lapurtu baitituzte. Brontzez egindako 200 kiloko bi pieza horien bila dabiltza oraindik.

Astelehenean lapurtu zuten Karrantzako San Martin elizako kanpaietako bat, eta bestea, asteartean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2014ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Musika egiteko erabili izan dira kanpaiak. Baina elizekin lotzen dira gehienetan. Bosgarren mendean, elizkizunetara deitzeko erabiltzen hasi ziren fededun katolikoak. Ordutik, mezak iragarri edo orduen berri ematen dute eliz dorreetako kanpai hotsek. Baina, aste honetan, mutu geratu da Karrantzako Presa auzoko San Martin eliza (Bizkaia). Asteartean konturatu ziren eliz dorrean hutsune bat zegoela eta dilindan zeuden kanpai biak desagertuta zeudela: lapurtu egin dituzte.

Asteartean, Presako auzokide batek kamioi bat ikusi zuen elizaren inguruan. Ez omen da ohikoa baserri inguruan dagoen auzo batean tamaina horretako ibilgailuak ikustea, eta 20:00 aldera udaletxera deitu zuen berri emateko. Hala adierazi du Rafa Arriola Karrantzako zinegotziak: «Bizilagunek badakite inguruan ez dagoela eraikuntza lanik, eta, ibilgailua ikustean, zerbait arraroa gertatzen ari zela sumatu zuten». Berehala joan zen Ertzaintza San Martin elizara, baita herriko erretore Jose Maria Delclaux ere. Baina heldu zirenerako, han ez zen ez kamioiaren arrastorik, ezta ezkilenik ere.

Brontzez eginda daude kanpai biak, eta 200 kilo du bakoitzak. «Kamioi barruan garabi bat izango zuten dorretik horiek kentzeko», adierazi du Arriolak. Delclaux erretoreak aitortu du kanpaiak egun ezberdinetan lapurtu dituztela. Izan ere, auzokide batek azaldu omen dio astelehenean kanpai bat falta zela nabaritu zuela baina ez zuela ezer esan. «Igandetik astelehenera bat lapurtu zuten, eta astelehenetik asteartera bigarrena», dio Delclauxek. San Martin eliza dagoen Presa auzoa herrigunetik urrun dago, eta zailagoa da norbaitek lapurrak ikustea. Horretaz baliatu zirela uste du elizgizonak: «Lasai asko lan egin zuten lapurrek», adierazi du irriz, egoerari umore pixka bat jartzeko asmoz.

Brontzez eginda egonik, balio ekonomikoa izango dutela adierazi dute Delclaux eta Arrietak. Baina balio sentimentala nabarmendu nahi izan dute biek. Kanpai bat 1856an jarri zuten, eta bestea, 1915ean. Arrieta: «Auzokide guztientzat balio handiko ondarea ziren».

Ertzaintzan lapurreta salaketa jarri du Delclauxek. Dena den, bi kanpaiak aurkitzeko itxaropena du oraindik: «Ziurtatu didate ez dituztela urtuko». Ertzaintzak egindako hipotesien arabera, bere horretan saltzeko lapurtu dituzte. «Badirudi badagoela jendea horrelako objektuak edukitzeko interesa duena», eta, hortaz, «lekuren batean egon behar dute». Baikor dago erretorea: «Ea zortea dugun».

Lapurreta gehiago

Abendu bukaeran Karrantzan lapurreta kopurua hazi egin zela nabaritu zuen udalak. Hainbat etxetan sartu zirela adierazi du zinegotziak: «Udal bandoa atera genuen herritarrei gertakarien berri emateko, eta adi egoteko esanez». Nekazari ingurua da Karrantza; 49 auzo ditu, eta baserri inguruetan bizi da jendea: «Oso inguru lasaia da, eta ia denok ezagutzen dugu elkar». Arriolaren arabera, ez da ohikoa herrian horrenbeste lapurreta egotea, eta azkenaldiko gertakariek herritarrak «aztoratu» dituztela adierazi du. Nabarmendu du herriko biztanleen %25 65 urtetik gorako helduak direla eta «kezka eta beldurra» zabaltzen dela era horretako gertakariekin.

Baina ez da Karrantzako eliza batean lapurreta egiten duten lehen aldia. Herri berean Biañez elizako eskultura bat lapurtu zuten duela bi urte. Romulado Txabarri lurjabea irudikatzen zuen 200 kiloko eskultura eraman zuten orduan. Brontzez eginda zegoen hori ere, eta 300.000 euroko balioa zuen. Herrian susmoa dute urtu eta saldu egin zutela. Desagertu zenetik ez dute horren berririk izan. Ezkilentzat, ordea, ez dute etorkizun bera espero.

Karrantzakoa ez da kanpairik gabe geratu den kanpandorre bakarra. 2011n, Zeanurin (Bizkaia), San Justo ermitako ezkila lapurtu zuten, eta 2012an, gauza bera gertatu zen Diman (Bizkaia). Brontzezko 100 kiloko ezkila eraman zuten San Migel txiki elizatik, eta iaz Arrigorriagako (Bizkaia) ermitakoa ostu zuten. Berriak jarri dituzte hiruretan. Karrantzakoan oraingoz ez da ezkilen dilin-dalanik entzungo; mutu geratuko da, lapurtu dituztenen zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.