ATZEKOZ AURRERA. Sussie Pussie. 'Drag queen' eta ipuin kontalaria

«Sekulako tresna politikoa da 'drag'-a»

Mezu argi bat du Sussie Pussiek: genero rolak hautsi behar dira, eta norbera den bezala onartu. Mezu hori zabaltzeko, 'drag'-a erabiltzen du, bai helduen aurrean, baita haurren aurrean ere.

KAOSPELIRROJO.
Iker Tubia.
Iruñea
2021eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Odei Alkazar (Iruñea, 1998) batukada irakaslea da, eta Sussie Pussie, berriz, drag queen-a. Gorputz beretik adierazten dira biak, eta genero estereotipoak xehatzen dituzte biek. Ikuskizunak emateaz gain, Sussie Pussie ipuin kontalaria ere bada. Ohar bat egin du: «Drag queen eta transexual ez dira gauza bera».

Bazen behin... Sussie Pussie.

Inolako asmorik gabe sortu zen. Haurra nintzenean banuen drag alderdi hori: amatxiri ezpainetakoa kendu, izebari takoiak, playback egin... 15 urterekin bikotekideak arropa utzi zidan, eta, ispiluari begiratu, eta Sussie Pussie ikusi nuen.

Zein izan zen lehen saioa?

Urdiaingo ostatu batean. Iskanbila izan zen: ostatua, lepo, eta 87 urteko gizon bati takoiak jartzen bukatu genuen. Ziur naiz maritxu horrek aurretik ibili zituela!

Nola eraiki zenuen nortasuna?

Miresten nituen jokaeretan oinarrituta. Txikitatik, choni-ak, poligonero-ak eta bakalaoa maite ditut. Benidormekin eta kirurgia plastikoarekin menpekotasuna duen choni bat naiz.

Ez da inauterietako mozorro bat. Zure nortasuna da?

Ez dut rol bat jokatzen: Sussie Pussie naiz. Sussiek ezberdina du ibilkera, hitz egiteko manera, baita pentsatzeko modua ere!

Egoeraren arabera jokaera aldatzea ez da hain arraroa, ezta?

Mundu guziak egiten du drag-arena neurri batean, besteek nola ikus gaitzaten aukeratzen dugunean.

Drag-a politikoa da?

Sekulako tresna politikoa da drag-a: kalean edo publikoaren aurrean mezu bat emateko aukera duzu. Drag-aren bidez estigma eta tabu asko hautsi daitezke; tresna egokia da aniztasuna goraipatu eta norbera den bezala izan behar dela aldarrikatzeko.

Inoiz esan dizute estereotipoak esajeratuz betikotu daitezkeela? Zer iritzi duzu?

Askotan: drag-aren eta feminismo mota baten arteko betiko talka da hau. Badaude beste itxura bateko drag queen-ak, drag king-ak, drag queer-ak... Hain zuzen ere, generoa hausten duelako da interesgarria. Oso femeninoak diren ezaugarri batzuk esajeratuz ez dut emakumeen kontura irri egin nahi: horrelakoa izan nahi dut.

Inori buruz irri egiteko asmorik gabe bada ere, umorez beti?

Umorea manera ederra da zentzugabeko gauzei buruz pentsatzeko eta gauza anitz apurtzeko.

Zer harreman dute Odei Alkazarrek eta Sussie Pussiek?

Harreman estua eta dikotomia handia era berean. Izan ere, erabat ezberdinak gara.

Zer ematen dio batak besteari?

Sussiek Odeiren bizitza aldatu du. Nerabezaroan, ez nuen deus ere ulertzen: maskulinotzat eta femeninotzat ditugun ezaugarriak nituen. Sussiek oreka eman zidan. Inoiz egin dudan terapia psikologikorik handiena da.

ETBn drag queen gehiago agertu beharko lirateke?

Drag queen batek aurkeztutako saio bat egon beharko litzateke, edo arratsaldeko tertuliatan agertu.

Drag ikastaroak eman izan dituzu Iruñeko Harrotu zentroan. Zer behar du drag on batek?

Estetika zehatz bat eta diskurtso bat; entretenitzeko eta jendea zure egiteko gaitasuna ere bai, ikuskizunetan ari bazara. Baina badira etxeko drag-ak ere, eta hori ere oso ongi dago.

Iruñean hasi dira drag queen batzuk ateratzen. Zer giro?

Hiri nahiko beatoa da. Hasi nintzenean, ez zen erreferenterik Iruñean. Ziurrenik asko zeuden, baina ezkutuan. Uste dut Donatella Mati eta biok ireki dugula bide bat. Eztanda bat gertatu da.

Zailagoa da haurrekin ipuin kontalari ari den drag bat onartzea?

Begiralea eta drag queen-a naiz, eta biak elkartu nituen belaunaldi berriei aniztasunaren garrantzia erakusteko. Apurtzailea da, eta, gainera, Iruñean! Lehen saiora beldurrez joan nintzen, baina arrakasta itzela izan zuen.

Sussie Pussie ipuin kontalaria ezberdina da?

Noski, zentzuagatik, eta jarraitu ahal izateko. Sussie ipuin kontalaria motel mintzo da, beste doinu batez, eta gauza lizunik esan gabe. Janzkera ere ezberdina da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.