PROPOSAMENAK

Urkiolaren misterioa

Harkaiztiez, basoez eta larreez goza daiteke Urkiolako parkean. Parketxeak hainbat aukera eskainiko ditu uztailean eta abuztuan

Urkiolako parke naturala eta bertan dagoen santutegia. AGUSTIN SAGASTI.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Historia, tradizioa, kultura eta ingurumena. Horiek dira Urkiolako parke naturalak batzen dituen lau elementu nagusiak. Bertako baliabide naturalak babesteko eta giza jarduerak uztartzeko asmoz, 1989ko abenduaren 29an izendatu zuten parke natural. Hain zuzen, Bizkaiaren eta Arabaren artean dago, eta bertara irits daiteke bi eremuak batzen dituen errepide zaharrari jarraituz gero. Mendiz, basoz eta larrez inguratuta dago, eta erdigunean santutegi bat dauka. XIX. mendearen amaieran hasi ziren eraikitzen, baina amaitu gabe gelditu ziren obra horiek.

Uritz Areitio parketxeko langilea da, eta parke naturaleko paisaien eta landareen garrantzia izan du oinarri: «Harkaiztiak, basoak eta larreak dira elementu adierazgarrienak; hiru ekosistema horiek aberastasun handiko eremu bat osatzen dute». Hain zuzen, jakinarazi du parkean bertan, animalia ornodunen artean, 137 espezie daudela katalogatuta eta horien artean hegaztiak direla ugarienak: sai arrea, sai zuria edo belatz handia, esate baterako. Landareen artean, berriz, zazpiehun espezie daude katalogatuta. Areitioren arabera, haginak, arteak, haritzak eta pagoak dira parkean dauden zuhaitz nabarmenenak, eta baita urkia ere. Hain zuzen, hitz horrek ematen dio izena parkeari.

Mendiaz gozatzeko parada ere eskaintzen du parkeak, eta, gainera, mitologiarekin lotzen den tokia da: «Mari, Euskal Herrian mendeetan zehar jainkoa izan den emakumea, su bola bihurturik batetik bestera mugitzen dena eta nahi duenean animalia, landare edo pertsona itxura har dezakeena, Anboto mendian bizi da». Hala ere, Areitiok erantsi du beste mendi batzuetan oinez edo bizikletaz ibiltzeko aukera ere badagoela, eta baita kobazuloak bisitatzekoa edo eskalada praktikatzekoa ere. Horrez gain, parketxea bisitatu eta eskaintzen dituzten ekintzetan parte har daiteke.

Herritarrek, beraz, bertako inguruez gozatzeko aukera izango dute. Areitiok adierazi duenez, parketxean sartzeko maskara erabiltzea beharrezkoa da, eta segurtasuna bermatzeko asmoz, erakusketako ibilbidea ere norabide batean egiten da. Bisitak edo bestelako ekintzak egiteko aukera ere egongo da: «Uztailean eta abuztuan hainbat ekintza autogidatu eskuragai daude; pagadian zehar ginkana bat daukagu, eta pista ezberdinak lortzea da helburua, adibidez». Nabarmendu du eskainitakoarekin bertaratzen direnek «hain ezagunak ez diren tokiak» ezagutzeko aukera ere izango dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.