Koronabirusa

Hanpatzen ari da berriz ere

Kutsatzea larriagotzen ari da Hegoaldean. Osasun agintariek baheketa gehiago iragarri dituzte

Hanpatzen ari da berriz ere.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2021eko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Koronabirusa oldartua da beste behin. Pandemiaren bilakaerari dagokionez, arindua aski nabarmena izan zen otsailean, baina, martxo hasieratik, birusaren transmisioari buruzko datuak gero eta ilunagoak dira Hego Euskal Herrian. Asteak dira kutsatuen kurba lautu zela, eta, berriki, goranzko joera kezkarako zio bihurtu da berriz ere. Esate baterako, hilaren 15etik aitzina, egun bakarrean zenbatutako kasu kopurua beti izan da 350 positibotik gorakoa. Gainera, azken hamalau egunetan 422 positibo atzeman dituzte Hegoaldean batez beste. Orain dela hamar eguneko datuekin konparatuta, bistakoa da aldea: martxoaren 13an 372 zen batezbestekoa.

Hala, egunetik egunera gero eta agerikoagoa da joera; hori berretsi zuten atzo Hegoaldeko osasun agintariek emandako datuek. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, Osakidetzak eta Osasunbideak guztira 7.306 proba egin zituzten herenegun COVID-19a detektatzeko, eta 395 kasu zenbatu zituzten horietan.

Lurraldez lurralde, igandean Bizkaian zenbatu zuten kasu positibo gehien: 166 izan ziren. Gipuzkoan 104 atzeman ziren; Nafarroan, 66; eta Araban, berriz, 58.

Zehazki, herenegun egindako proben %5,4k eman zuten positibo Hegoaldean: berriz ere, OME Osasunaren Mundu Erakundeak izurritea kontrolpean edukitzeko ezarritako mugaz gaindiko ehunekoa; hau da, %5etik gorakoa. Azken bi asteetako batezbestekoari so, portzentajea muga horretatik behitikoa da oraindik ere, baina hilaren erdialdetik etengabe ari da goraka. Azken hamalau egunetako batezbestekoa %4,58 da, zehazki.

Intzidentzia, maldan gora

Hegoaldeko lau lurraldeetan sumatu daiteke kutsatzearen larriagotzea. Intzidentzia tasa metatuetan ikusten da joera, batik bat. Martxoaren 5etik aurrera, tasa metatua hamazazpi egunez jarraian izan da 250etik beherakoa herrialde guztietan; atzo arte.

Martxoaren 15etik, tasa etenik gabe ari da hazten, eta Arabak 250en langa gainditu du orain. Herrialde horretan, 100.000 biztanleko 252 laguni atzeman diete koronabirusa azken hamalau egunetan. Bizkaian 223 da tasa; Gipuzkoan, berriz, 208. Horiek horrela, Hegoaldeko lurraldeen artean, tasa Nafarroan da apalena, alde aski handiarekin. Zehazki, azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 150 pertsonari detektatu diete COVID-19a herrialde horretan.

Bestalde, ospitaleen egoerari so, Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dute herenegun 31 pertsona erietxeratu zituztela gaitzarengatik Hego Euskal Herrian. Horiek aintzat harturik, oraintxe bertan guztira 395 lagun daude ospitaleetan, eta, hain zuzen ere, azken asteko daturik makurrena da hori.

Zehazki, ospitaleratuetako pazienteetako 286 gela arruntetan daude erietxeraturik, eta 109, berriz, Hegoaldeko ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan.

Pandemia Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izaten ari den bilakaerari buruz mintzatu zen atzo Jonan Fernandez Labi batzordeko koordinatzailea. Azken asteetako datuak ikusirik, Fernandezek onartu zuen kutsatzeen beheranzko joera eten egin dela. Hala eta guztiz ere, birusa kontrolatzeko neurriei dagokienez Labiko koordinatzaileak azaldu zuen aurreikuspenak «epe motzera» egin behar direla, eta adierazi zuen oraingoz gaur egungo mugei eustea dela asmoa. Izan ere, uste du neurriak «zorrotzak» direla dagoeneko. «Arduraz jokatuz gero, mugikortasunak bere hartan jarrai dezake», esan zuen.

Baheketa gehiago

Kutsatze kateak etete aldera, joan diren egunetan osasun agintariek Euskal Herriko zenbait herritan deitu dituzte COVID-19a detektatzeko baheketak. Osakidetzak atzo egin zituen probak Ataunen (Gipuzkoa) eta Elorrion (Bizkaia); azken horretan bihar arte arituko dira zeregin horretan.

Herri horiez gainera, Nafarroako Gobernuak atzo iragarri zuenez, Osasunbideak baheketak eginen ditu beste hiru herritan: Milagron, Acedon eta Mendazan. Milagroko herritarrei dagokienez, 30 eta 64 urte artekoak deitu dituzte diagnostiko probak egitera. Acedon eta Mendazan, ordea, 14 urtetik gorakoek hartuko dute parte.

Bestalde, LAB sindikatuak Osakidetzari eskatu dio baheketa masibo bat egin dezala Bilboko 10. Instrukzio Epaitegian. Sindikatuak ohar batean argitaratu duenez, dagoeneko zortzi kasu positibo zenbatu dira epaitegi horretan. Gainera, LABen esanetan, birusa «aise» ari da eraikinean zabaltzen, eta «ulergaitza» da orain arte baheketarik egin ez izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.