Koronabirusa

Asteburuan egitekoak ziren hainbat jai eta azoka bertan behera utzi dira

Indarrean sartu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia handiko udalerrientzako neurriak

Tolosako babarrun azoka, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU.
Edurne Begiristain.
2021eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Atzotik indarrean dira intzidentzia handiko udalerrietan Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren hedapena murrizteko asmoz hartutako neurri berriak, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hainbat herritako udalak hasi dira programatutako azoka, jai eta bestelako ospakizunak bertan behera uzten edo atzeratzen. Tolosako Udala (Gipuzkoa) izan da horietako bat. Asteburu honetan egitekoa zen babarrun festa bertan behera uztea erabaki du udalak, «zuhurtziagatik eta arduragatik». Tolosa eremu gorrian dago, 100.000 biztanleko 530eko intzidentzia tasarekin, eta Olatz Peon alkateak ohar bidez jakinarazi zuen atzo azoka ez egiteko erabakia: «Ez gaude ondo, eta neurriak hartu eta neurriak bete egin behar ditugu, atzera ez egiteko». Hori horrela, ez da egingo Tolosako babarrunaren ekoizleen lehiaketarik, ez eta lehiaketa gastronomikorik ere. Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, larunbateko azoka eta antolatutako kultur jarduerak bakarrik egin ahalko dira.

Tolosakoa ez da izan erabaki bakarra; Murgian (Araba), adibidez, jaiak ez ospatzea erabaki dute. Irailean egitekoak ziren herriko jaiak, baina azarora atzeratu zituzten, eta asteburu honetan ziren ospatzekoak. Zuiako udalerriaren intzidentzia tasa 127 kasukoa zen astelehenean, Jaurlaritzak ezarritako langaren azpitik, baina, hala ere, Murgiako Udalak jaiak ez ospatzea erabaki du.

Litekeena da Jaurlaritzak udalentzat hartutako jarraibide berriak airean uztea, halaber, datozen asteetan egitekoak diren bestelako jaiak; besteak beste, Eibarko eta Zumarragako (Gipuzkoa) festak, Durangoko azoka, eta baita zenbait herritan ospatzekoak diren San Tomas jaiak ere. Hain zuzen ere, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok atzo esan zuen oraindik ez dela momentu egokia San Tomas edo Gabonetako ospakizunei buruzko erabakia hartzeko, herritarrek «arduraz» jokatzekoa baizik. Gorka Urtaran Gasteizko alkatearen ustez, berriz, osasun larrialdirik gabe udalen esku egon behar du koronabirusaren hedapena gelditzeko «ardurak».

Urkulluren deia

Hainbat udalek desadostasuna agertu dute jarduera jendetsuak mantentzeko edo bertan behera uzteko erantzukizuna haien esku uztearekin, eta horri buruz galdetu zioten atzo Iñigo Urkullu lehendakariari. Urkulluk gogorarazi zuen izurriaren goranzko joera ikusita administrazio bakoitzak jakin behar duela zeintzuk diren bere erantzukizun eta betebeharrak, eta «nork bere eskumen eremua kudeatu» behar duela. «Kasu honetan, udalerriei dagokie erabakitzea», erantsi zuen.

Urkulluk «prebentzio eta autobabeserako» deia ere egin zien herritarrei. Gogorarazi zuen pandemia ez dela amaitu, eta arauak «zorrotz» betetzeko galdegin zien herritarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.