Eusko Legebiltzarrak eraso LGTBIfobikoak salatu ditu

unai etxenausia
2022ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko talde guztiek, Vox taldeak izan ezik, adierazpen bat adostu zuten atzo, LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean: pertsona guztien sexu eta genero eskubideak eta askatasuna aldarrikatu zituzten. «Sexu aniztasunaren aurkako gorrotoak» eragindako erasoak salatu zituzten legebiltzarreko taldeek. Horrez gain, erakundeek eta alderdiek arratsaldeko mobilizazioetan parte hartzera deitu zuten, eta konpromisoa hartu dute LGTBI pertsonen ondoan egoteko eta LGTBIfobiari aurre egiteko: «Bai maiatzaren 17an, bai urteko gainerako 364 egunetan».

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk agerraldia egin zuten legebiltzarrean testua irakurtzeko. PP+Cs-ek testua babestu arren, ez zen agerraldian egon. Gogora ekarri zuten OME Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea gaixotasunen zerrendatik kendu zuela 1990eko maiatzaren 17an. Sinatzaileek nabarmendu zutenez, data horrek «balio esanguratsua» du LGTBI kolektiboetakoentzat.

Adierazpenean jaso zutenez, «pandemiagatik eta horrek herritar guztiengan izan dituen ondorioengatik bi urte oso zailak izan ondoren, LGTBI kolektiboa izan da kolpatuenetako bat, desberdintasunaren arrakala areagotu eta indarkeria eta kalteberatasun egoerak areagotu baitira esparru askotan; sare sozialetan, kasurako».

Legebiltzarkideek nabarmendu zuten ezin dutela bidea bakarrik egin. «Ahaleginak batuko ditugu gizarte eragile guztiekin: gizarte bidezkoagoa, anitzagoa, errespetuzkoagoa eta integratzaileagoa eraikitzeko». Horrela, konpromisoa hartu zuten lanean jarraitzeko: berdintasunaren aldeeta sexu eta genero orientazioagatiko diskriminaziorik ezaren alde: «Aniztasunaren bizipen askea sustatzeko».

Erasoak gaitzetsi dituzte

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi zuenez, azken egunetan LGTBI kolektibokoen aurka izandako erasoek agerian uzten dute oraindik ere gizartean dauden «intolerantzia» jarrerei aurre egiten jarraitu behar dela. Horrez gain, azken egunotan hainbat tokitan izan diren eraso homofobo eta lesbofobo «larriak» gaitzetsi zituen: «Indarkeriazko ekintza horiek intolerantzia eta aniztasunarekiko errespetu faltaren ondorio dira, eta oinarrizko eskubideen aurkakoak».

Azpimarratu zuenez, «bizikidetza sustatzeko eta bermatzeko modu bakarra» tolerantzia handiagoa egotea eta gizarteko aniztasuna normal onartzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.