Gipuzkoako Batzar Nagusiek Uliazpin euskara eskatzearen alde egin dute

EH Bilduk eta EAJk aurkeztutako erdibideko zuzenketa onartu dute. Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk kontra bozkatu dute

Uliazpi fundazioko langileen elkarretaratzea, epaia salatzeko. BERRIA.
jone arruabarrena
2023ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Batzar Nagusietako Hizkuntza Berdintasunerako Batzordeak adierazi du Donostiako Uliazpi fundazioko langile publiko bati EAEko bi hizkuntza ofizialak jakiteko eskatzea ez dela «diskriminatzailea». EH Bilduren eta EAJren bozkekin atera da aurrera ebazpen bateratua; Podemosek eta PSE-EEk aurka bozkatu dute, eta PPko ordezkaria ez da batzordera joan.

Ebazpen horren bidez, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Foru Aldundiari eskatu diote «herritarren eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideakbabestekokonpromisoari eutsi diezaiola», eta, beharrezkoa bada, ezarri ditzala lanpostu bakoitzari dagozkion hizkuntza eskakizunak. Eskatu dio Uliazpi fundazioko plazak betetzeko deialdiari «eusteko», eta horretarako auzitara jo eta behar diren helegiteak aurkezteko.

Gainera, gehitu dute etorkizunean antzeko kasuak egonez gero ere bide juridikoaren bidez hizkuntza eskubideak defendatzeko, beharrezkoa bada.

EAJko Saioa Bandresek atzoko batzordean salatu zuen ez dela gisa honetako gertaerak jazo diren lehen aldia: «Auzitegi ezberdinen ebazpenak zuzenean ari dira gure administrazioen langile kontratazioetako eskaeren kontra. Irunen, Laudion, Barakaldon... antzeko kasuak ugaritzen ari dira azkenaldian, baina larriena Uliazpikoa da». Gehitu zuen horren guztiaren asmoa, gainera, «euskara baztertzea» dela. EH Bilduko Igone Lamarainek ere hartu zuen hitza, eta azaldu zuen, gainera, Uliazpiko plangintzan biltzen dela erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko derrigortasuna. Gainera, aldundiak epaiaren aurkako neurriak hartuko dituela ere esan zuen.

Javier Busselo Elkarrekin Podemoseko ordezkariak, berriz, adierazi zuen legeak zehazten duela nahikoa dela langileen %75ek euskaraz jakitea, eta, beraz, hiru langile egon ohi direnez txanda bakoitzean, posible litzatekeela hala nahi duten erabiltzaileek euskarazko arreta jasotzea.

PSE-EEko Jorge Martinek ziurtatu zuen «herritar guztien hizkuntza eskubideak» errespetatzen dituztela, baina horiek ezin direla «lan eskubideen gainetik» egon: «Biak errespetatzeko modua aurkitu beharko genuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.