Koronabirusa

Hegoaldean zahar etxeetako ehun egoiliar hil dira uztailetik, zenduen herenak

COVID-19arekin eri ziren beste zortzi egoiliar hil dira: lau Bizkaian, bi Araban eta bi Gipuzkoan. Familiek salatu dute egoera larria dela

Protesta bat Gasteizen, egoiliarren eskubideen alde. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2020ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Pandemia hasi zenetik, zahar etxeak izan dira koronabirusaren foku nagusietako bat. Bigarren olatuan ere, ia etenik gabe ari dira Euskal Herriko egoitzetan heriotza gehiago zenbatzen. Hain zuzen ere, beste zortzi heriotzaren berri eman zuten atzo diputazioek: azken 48 orduetan, lau egoiliar hil dira Bizkaian, bi Araban eta bi Gipuzkoan. Horiek aintzat harturik, uztailetik, ehun egoiliar hil dira Hegoaldean. Heriotza guztien ehuneko handia hartzen dute kasu horiek: 300 lagun inguru hil dira guztira bigarren olatuan, eta horien %33 dira zahar etxeetako egoiliarrak.

Lurraldeka, Bizkaian zendu da egoiliar gehien: 58 heriotza izan dira bigarren olatuan. Gipuzkoan 23 egoiliar hil dira, Araban hamabi, eta Nafarroan, berriz, zazpi egoiliar hil dira koronabirusaren sintomak zituztelarik.

«Ez dira leku seguruak»

Eusko Jaurlaritzak birusaren harira adinekoen egoitzetan ezarritako protokoloa berritu zuen aste hasieran. Hala, malgutu egin du zahar etxeetako bisiten eta egoiliarren ateraldien gaineko araudia. Dokumentu horretan bildutakoa oinarri harturik, diputazioek zehaztu dituzte irizpideak.

Ordea, protokoloa berritu izanak ez du arindu egoiliarren familien eta zentroetako langileen ezinegona. Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko egoiliarren senitartekoek, pentsiodunen mugimenduak eta beste eragile batzuek salatu dute egoitzak ez direla seguruak, «ez erabiltzaileentzat, ezta langileentzat ere». Halaber, esan dute «ulertezina» dela Jaurlaritzaren jarrera, diotenez ez duelako azalpen publikorik eman egoitzetan izandako heriotzen harira. Ohar batean adierazi dutenez, irtenbiderik ezean, urrian kalera aterako dira berriro protesta egitera. Erantsi dute oraingoan laguntza eskatuko dietela bestegizarte mugimendu batzuei ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.