Jazarpenaren biktima gisa ezagutu dituzte Hendaiako osasun etxe bateko langileak

Nid Marin zentroko zuzendari ohiak kalte ordainak zor dizkie auziko hamalau biktimei. Langileek eraman borroka «eredu» izatea nahi dute

Nid Marineko Sud Solidaires sindikatuaren mobilizazioa, atzo, Baionako Auzitegiaren atarian. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2023ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Biktima gisa ezagutuak izan nahi zuten, eta Baionako Auzitegiak hala izendatu ditu. Hendaiako (Lapurdi) Nid Marin osasun zentroko hamalau langilek epaiketa izan zuten iaz zentroko zuzendari aritutako gizonaren kontra, jazarpen moralagatik eta diskriminazio sindikalagatik. Jazarpen moralagatik hobendun izendatu zuten zuzendari ohia atzo emandako epaian.

Lau hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote, eta 3.000 euroko isuna, biak gibelapenarekin —ez du kartzelara sartu beharko eta ez du isuna ordaindu beharko mota bereko beste deliturik egiten ez badu—. Horrez gain, biktima bakoitzari 2.000 euro eta 3.500 euro arteko kalte ordainak zor dizkio.

Bide «luzea» izan da biktimentzat. 2016an hasi zen laneko egoera okertzen. Ordura arte, Gurutze Gorriak kudeatzen zuen Nid Marin zentroa —elbarritasunen bat duten haurrak eta helduak hartzen dituzte bertan—. Jadanik zaila zen egoera: hamar bat zuzendari izan zituzten hamar urteko epean, baina, zor handia zuela eta, ASEI elkarteak hartu zuen kudeaketa 2016an. Urte hartan izendatu zuten zuzendari berria, eta orduan hasi zen langileen kontrako jazarpena.

Jean Pascal Galardi hezitzailea da Nid Marinen, eta Sud Solidaires sindikatuko kidea da. Azaldu du «zuzendaritza biziki bortitza» izan zela, eta langile ia guziei eragin ziela. «Garai batez, langileen %80 ez ziren heldu lanera». Sud Solidaires sindikatuak lan ikuskaritzari dei egin zion. Hasieran, ez ziren «entzunak» izan, baina, gerora, biktimen kopurua ikusita, laneko medikua eta lan ikuskaritza zentrora joan ziren bisitan. Ororen buru, lan ikuskaritzak pausatu zuen salaketa zuzendariaren kontra, 2019an.

Galardik urte eta erdiko osasun geldialdia izan zuen jazarpenaren ondorioz. Etengabe «behatuak sentitzen» zirela salatu du, eta «arrazoirik gabe» diziplina zigorrak jasotzen zituztela. «Gainera, idazkaria zen gure lankide batzentroan hogei urtez lan egin ondotik kaleratu zuen. Hor hasi zen zinezko bataila, eta sindikatuko kideon kontra are gogorrago egin zuen».

Jazarpena jasan zuen Ixa Fernandez Garaiarrek ere. 23 urtez lan egin zuen egitura horretan, eta «lanerako gaitasunik ezagatik» kanporatu zuten, osasun arazoak zituela argudiatuta. Hark salatu du, errealitatean, zuzendariak ez zuela «lanean ikusi nahi». Aitortu du biktima gisa ezagutua izatea «sekulako urratsa» izan dela: «Gertatu dena ez da gugatik gertatu; zuzendaria da erruduna». Uste du, halaber, «langileen antolakuntzari esker frogatu» dutela «lorpenak posible» direla.

Hala eta guztiz ere, «egindako minak» hor segitzen duela erran du. Ofizialki, duela lau urte hartu zuen erretreta Fernandez Garaiarrek, baina, jasandako jazarpenaren ondorioz, «burua beti lanean» izan du. Espero du beste zerbaitetara pasatzen ahalko dela, baina, lehenik, kanporatu zuten moduaren ondorioz, lan auzitegira jotzea pentsatzen ari da.

Artak zailtasunetan

Jazarpena langileek jasanda ere, Nid Marin osasun etxe bat denez, pazienteek eta haien familiek ere ondorioak pairatu behar izan zituztela salatu dute langileek. Galardi: «Artatzen ditugunentzat biziki zaila izan da, arreta ez baitzen behar bezalakoa izan». Kontatu du baliabide eskasiagatik, adibidez, ateraldi gutxiago egiten zituztela.

Bide beretik, zuzendaritzaren eredu «autoritarioaren», eta «diruaren nagusitasunaren» ondorioz, pazienteen artan gabeziak bazirela deitoratu du. «Pazienteentzat zaila zen, baina haien familientzat ere bai», gehitu du Galardik.

Langileek, bestalde, beren kasu partikularra testuinguru orokor baten baitan kokatu nahi izan dute. Osasungintzan eta gizarte lanbideetan «baliabide eskasia ikaragarria» dela ohartarazi dute, eta Hendaiako kasua «besteen artean» ulertu behar dela. Ildo horretan, Sud Solidaires sindikatuak gaitzetsi egin du «osasun eta gizarte arloetan botere publikoek ezartzen duten baliabide eskasia». Egoera hori geroz eta ohikoagoa da, haien ustez: «Langileek hierarkiarengandik jasaten duten errepresioa geroz eta handiagoa da».

Galardik espero du, hala ere, haien borroka «eredu» izanen dela: «Langileen lan baldintzak hobetu behar dira, baliabideak emendatu behar dira, eta, horretarako, langileek elkarrekin borrokatu behar dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.