Nazioarteko lekukoek Askapenaren lana defendatu dute epaiketan

Hodei Iruretagoiena.
2015eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Asteleheneko saioaren ondoren, defentsaren lekukoen deklarazioekin jarraitu du Espainiako Auzitegi Nazionalean Askapenaren aurkako epaiketak. Munduko hainbat lekutatik joandakoek defendatu dute Askapenaren lan internazionalista, eta azaldu dute zertan datzan erakundearen jarduna. Besteak beste, hauek aritu dira epaile aurrean deklaratzen: Portugalgo Euskal Herriaren Lagunak taldeko kide Bruno Carlos Amaral de Carvalho, Parisko Jean Baptiste de Vathaire eta AIC Informazio Alternatiborako Zentroko zuzendari Sergio Yanhi —Palestinako okupazioaren aurkako erakundea da AIC, israeldar eta palestinarrek osatua—.

Yanhik BERRIAri azaldu dionez, Israelen aurkako BDS —boikota, desinbertsioak eta zigorrak— kanpainaren inguruan aritu da bera. Epaileari azaldu dio Palestinako gizarte zibilak egin zuela kanpaina horretara batzeko deialdia: «Pertsona zintzo orok babesten du». Beraz, zentzugabetzat jo du fiskalaren tesia: besteak beste, kanpaina hori ETAren aginduz bultzatu izana egozten diote Askapenari. Baita Euskal Herriaren Lagunak taldeak sortzea ere —Euskal Herriarekiko elkartasunez antolatutako batzordeak dira EHL taldeak, Europan nahiz munduko hainbat lekutan dihardutenak—; horiekin ETAri «nazioarteko babesa» ematen diola diote akusazioek.

«Epaiketa politikoa»

«Pena» da, Yanhiren hitzetan, nazioarteko elkartasuna eta internazionalismoa lantzen duen erakunde bat epaitzea. «Ez dut asko ezagutzen Espainiako Estatuko politika, baina epaiketa politiko baten antza du honek, beste ezerena baino gehiago».

Gaur eta bihar polizien txanda izango da berriz; peritu gisa deklaratuko dute oraingoan. Azaroaren 2an amaituko da epaiketa, eta orduan jakinaraziko dituzte aldeek behin betiko eskaerak. Larunbaterako, manifestazioa deitu dute Madrilen epaiketa politiko guztien aurka, eta Euskal Herrian ere ari dira autobusak antolatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.