EAEko justiziako langileen %44k ez dute hizkuntza eskakizunik egiaztaturik

Epaile eta fiskalen artean seitik batek baino ez du dagokion profila. Ana Agirre Justizia sailburuordeak uste du bilakaera ona dela

maddi ane txoperena iribarren
2022ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Justizia arloaren euskalduntzea Eusko Jaurlaritzak espero zuen baino azkarrago doa, baina urrun dago oraindik euskaraz aritzetik: langileen %44k ez dute hizkuntza eskakizunik egiaztaturik. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak eman zituen datuak atzo, eta, jakinarazi zuenez, %45 dira dagokien hizkuntza eskakizuna egiaztatua duten langileak EAEko justizia administrazioan. Gainontzekoek badute profilen bat, baina ez beren postuei dagokiena.

Egoera okertu egiten da hainbat lanbide jakinetan. Auzitegi medikuntzako arloan, erraterako, %10ek baino ez dute egiaztatua eurei dagokien maila (C1). Epaile, fiskal eta magistratuen artean ere seitik batek baino ez du betea hizkuntza eskakizunen bat: 601 profesionaletatik 108k, zehazki. Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du «baxua» dela euskara maila postu horietan.

Probintzien arabera ere aldatu egiten da egoera. Gipuzkoan dago hizkuntza eskakizunen betetze mailarik handiena: %60k baino gehiagok dute egiaztatua. Bizkaian, %47k; eta Araban, %42k.

Ana Agirre Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuordeak balorazio ona egin dio hizkuntza eskakizunen betetze mailaren bilakaerari. Izan ere, jakinarazi duenez, hamar puntutan gainditu dute 2011 eta 2020 arterako Normalizazio Planean aurreikusia zutena. Agirreren arabera, gainera, horrek eragina du gizartean: «Justizia Administrazioan elebitasunak aurrera egitea lagungarria da administrazio horrek herritarrei ematen dien zerbitzuaren kalitatea hobetzeko».

Ahoz, «bide luzea»

Idatzizko dokumentuetan ere nabari da euskararen presentzia handiagoa: Justizia Administrazioak sortutako agiri guztien %35 ziren euskaraz planaren hasieran, eta %61 dira orain. Ahozkoan motelago ari dira, ordea, Agirrek berak aitortu duenez: «Oraindik bide luzea dago egiteko herritarrek arreta eurek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean jasotzeko duten eskubidea bermatzeko» —ez du datu zehatzik eman—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.