Koronabirusa

Zahar etxeak eta itunpeko osasun zerbitzuak publiko egiteko eskatu du ELAk

Garbiketa azpikontratak ere sartu ditu zerrendan. « Esker txaloetatik ekintzetara» igarotzeko esan die Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari

Zahar etxe bateko langile bat, egoiliarretako bat instalazioen barrualdera eramaten. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
«Esker on txaloetatik eta gizartearen aitortzatik aitortza politiko eta profesional batera pasatzeko garaia da. Aitortza hori garbira pasatu behar dute Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak». Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak horrela laburbildu zituen atzo «bizitzarako funtsezkoak diren lan eta zerbitzuetako» langileen baldintzak hobetzeko bere sindikatuak gobernuei aurkeztu dizkien proposamen sortak.

Momentuz bost sektoretarako proposamen zehatzak aurkeztu ditu ELAk, eta aurrerago gehiagorentzat egingo ditu. Bost arloak hauek dira: zaintza lanak, osasungintza publiko eta pribatua, garbiketa, anbulantziak eta elikagaien komertzioa. Lehen lauretan eskaera bat errepikatzen da: «zerbitzu publiko bihurtzea». Sindikatuaren ustez «ez merkantilizatzea» baita «lan baldintza duinak eta zerbitzu ona bermatzeko modu bakarra». Elikagaien komertzioan, berriz, oro har soldata hobekuntza eta lanordu kopurua murrizteko eskatu du.

Lakuntza Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari mintzatu zitzaien, krisi garaian are garbiago ikusi baita sektore «feminizatu» horien garrantzia: «Horretarako, baina, sektore horiekin arduratuago egon beharko lukete obrak eta fabrikak martxan jartzearekin baino». Alde horretatik, «hipokrisia» leporatu zien, orain funtsezko zerbitzutzat jo eta goratzen dituzten arren, besteak beste, «zahar etxeak negozio bihurtu dituztelako» eta «Osakidetzan behin-behinekotasuna %40koa delako».

ELAko idazkari nagusiak zahar etxeen kudeaketan sakondu zuen bere kritika, eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak herenegun emaniko azalpenei erantzun zien: «Jakinda zer egoeratan gauden, benetan pentsa daiteke alarma ez dagoela justifikatuta? Nola esan daiteke horrelako astakeria bat? Ezin da kudeaketa txar bat estali datuak ezkutatuz. Oso larria da hori». ELAk zortzi zahar etxetako baldintzak salatu ditu epaitegietan, eta lautan arrazoia eman diete, baita behin-behineko neurriak agindu ere. Sindikatuak iragarri zuen salaketa gehiago egingo dituela. «Protokolo guztiek huts egin dutelako. Aldundiek badakite zahar etxeetan ez direla segurtasun neurriak bermatzen».

Lakuntzak gogoratu zuen martxoaren 18an, «kutsatu bakar bat ere ez zegoenean», proposamen zerrenda bat bidali ziela aldundiei, eta oraindik ez dutela erantzunik jaso. «Badakite gauzak ez direla ondo egiten ari. Arreta ez da nahikoa, eta langileak falta dira. Gaizki eta berandu doaz». Alde horretatik, Gipuzkoako zahar etxeetako langileen jarrera goratu zuen, 250 eguneko greba bertan behar utzi baitzuten lan egiteko, eta egoiliarren arreta hobetzeko neurriak hartzea beren oinarrizko eskakizunetako bat delako.

Eskaera zehatzak

ELAk bere webgunean ikusgai dagoen agiri batean bildu dituproposamenak. «Guk kritika baino proposamen gehiago egiten baititugu», aldarrikatu zuen Lakuntzak. Zaintza lanetan, esaterako, zentro guztiak «publiko bihurtzea» eskatzen du, eta langile guztiak jardunaldi osoan kontratatzea. Zainduriko pertsonako langile ratioak ere hobetu beharko liratekeela uste du sindikatuak, egoiliar bakoitzari egunero bi orduko zaintza pertsonalizatua bermatuz. Era berean, etxeko langileen baldintzak zaintza publikoarekin parekatzea jaso du, eta haiek Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean sartzea.

Osasungintzan, berriz, behin behineko langileak finkatzea eta «2010etik suntsitutako» 5.000 lanpostuak berreskuratzea exijitzen du. Itun bidez osasungintza publikorako lanean ari diren zerbitzuak—anbulantziak barne— publiko egitea eskatu du, eta osasun zerbitzuetako langileek galdutako erosahalmena berreskuratzea. Horrek soldata %13 igotzea esan nahiko luke. Garbiketan ere administrazio publikoek azpikontrataturiko zerbiztuak publiko bihurtzea nahiko luke.

Azkenik, elikagaien komertzioko langileentzat jaso ditu proposamenik zehatzenak: krisiak iraun bitartean lan kargak murriztea; epe honetako lan karga konpentsatzeko diru sariak jartzea; soldata %25 igotzea; eta urteko jarduna 1.592 ordura murriztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.