Navarra Suma bakartu dute beste taldeek, 0-3rako bide orria adostuta

Eskuinaren lege proposamena, atzera. 0-3 Plataformak itunaren balorazio «gazi-gozoa» egin du

0-3 Plataformako kideen protesta bat, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Ezin izan du 0-3 zikloaren bandera astindu. Navarra Sumak lege proposamen bat aurkeztua zuen Nafarroako Legebiltzarrean, «haur eskoletako langileen lan baldintzak hobetzeko». Gainerako talde parlamentarioek, baina, uko egin diote proposamena tramiterako onartzeari, koalizio eskuindarraren proposamena «oportunistatzat» eta «zinikotzat» jota. Horren ordez, itun bat sinatu zuten asteazkenean PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Bide orri propio horrek balioko du, besteak beste, udalen eta Nafarroako Gobernuaren haur eskoletako langileen soldatak berdintzeko eta hezkuntza laguntzarako langile gehiago hartzeko. Sinatzaileen arabera, Navarra Sumak proposatutakoa baino «osoagoa» izanen da bost indarrek adostu dutena.

Atzoko osoko bilkuran, gobernuari eusten dioten taldeek eta EH Bilduk ituna sinatua zutela jakinda, Navarra Sumako diputatu Pedro Gonzalezek ez zuen ahaleginik egin ere bere lege proposamenaren aldeko botoa eskatzeko, eta PSNri kritika egin zion, «Bilduk nahi duena» egiteagatik: «Futbolean, 11k jokatzen dute, eta Alemaniak irabazten du beti; bada, parlamentu honetan, beti irabazten du Bilduk, gobernuak men egiten diolako». Bozketa galdu arren, langileen baldintzak hobetzearen meritua Navarra Sumarena dela uste du Gonzalezek: «Tramiterako onartu gabe ere, lege proposamen honek lortu du gainerako taldeak ados jartzea, langileen baldintzak hobetzeko», esan zuen ironiaz. Horrez gain, Nafarroako Gobernuari leporatu zion 0-3 Plataformaren aldarrikapenei «entzungor» egin izana: «2015ean bezala gaude, apenas egin duzuen ezer urte hauetan, eta egoera jasanezina bihurtu denean hasi zarete mugitzen».

PSNko eledun Jorge Agirrek Navarra Sumari egotzi zion 0-3 zikloko langileak «politikoki erabili» izana, eta aurreko legealdian Gonzalezek berak plataformari buruz esanikoak aurpegiratu zizkion: «'Nork osatzen du 0-3 Plataforma?', 'Zer zilegitasun du gobernuarekin negoziatzeko?', 'Denok dakigu nor dagoen plataforma honen atzean'... Adierazpen horiek zerorrek egin zenituen, Gonzalez jauna». Are, PSNko kideak gaineratu zuen Navarra Sumak urteetan izandako jokabideak «sinesgarritasun osoa» kentzen diolalege proposamenari: «2012. urtean ezarri zenituzten murrizketak, ratioen igoera, baldintza materialen okertzea, aurrekontuen apaltze jarraitua... Ez dakit Navarra Suma horretaz guztiaz ahaztu den, ala fede txarrez ari diren».

Itun hobea abertzaleentzat

Geroa Bairen izenean, Maria Solana parlamentariak goraipatu egin zuen PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak adostutako ituna. «Sinetsita nago Navarra Sumako Gonzalez jaunak berak ere gustuko duela gure akordioa, ausartagoa delako. Horregatik, ez dute itunaren edukiaz hitz egin nahi, eta sinatzaileengan jarri nahi dute arreta. Orain, bide orri propio bat dugu, 4,3 milioi euroko aurrekontu zabalago bat, eta egutegi bat».

EH Bilduko legebiltzarkide Bakartxo Ruizek gogor hitz egin zuen Navarra Sumaren proposamenaren kontra. Koalizio espainiazaleari egotzi zion 0-3aren kostuaren zati bat udalei ordainarazi nahi izatea, eta agintean zirenean egiten zutenaren kontrakoa exijitzea orain: «UPNk murrizketa izugarriak ezarri zituen 0-3 zikloan, eta lezioak eman nahi dituzte?». Hala ere, «triunfalismoa alboratzea» galdegin die gobernuko taldeei.

Plataforma: «Bide bat da»

Haur eskoletako langileek osatutako 0-3 Plataformak balorazio «gazi-gozoa» egin du Nafarroako Gobernuari eusten dioten taldeek eta EH Bilduk lotutako hitzarmenaren inguruan. Plataformako bozeramaile Eider Garderen esanetan, bide orri horrek «bidea eman dezake» langileen aldarrikapenak bermatzen hasteko. Hala ere, «mesfidati» agertu zen: «Urte hauetan, gisa honetako itun asko ikusi ditugu, baina ez dira bete, edo erdizka bete dira». Honetan ere «hutsuneak» antzeman dituzte: «Datozen urteetan ratioak murrizteko asmoa agertu dute, baina ez dute egutegi zehatzik ezarri, eta horrek kezka eragiten digu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.