Bidezko kalkuluen bila

Lanaldi partzialean aritutako 50 emakumek baino gehiagok eskatu dute pentsioak berrikusteko. LAB sindikatua auzitara jotzeko prest dago

Berrikuspen eskaera atzo egin zuten emakumeak, Gizarte Segurantzak Bilboko Kale Nagusian duen egoitzan. BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2019ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Lanaldi partzialean aritutako 50 emakumek baino gehiagok euren pentsioa berrikusteko eskatu dute dagoeneko, eta atzo beste hogei inguruk eman zuten pausoa Gizarte Segurantzak Bilboko Kale Nagusian duen bulegoan. LAB sindikatuak duela hilabete hasitako ekinbidearen beste pauso bat izan zen. «Jendaurrean egin nahi izan dugu, egoera berean dauden beste emakume batzuk pausoa ematera anima daitezen», azaldu zuen Zaloa Ibeas De la Cruz sindikatuko emakume arloko arduradunak. Sindikatuak ezagutzen duen kasu kopurua da, eskaerak banaka egin behar baitira, eta horrek tramitea, zein zenbaketa, zailagoa egiten du.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak lanaldi partzialeko pentsioak kalkulatzeko aurreko modua baliogabetu zuen iragan uztailean, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ohartarazi ziolako sistemak «zeharkako sexu diskriminazioa» eragiten zuela. Izan ere, lanaldi partziala duten langileen gehiengo handia emakumezkoak dira; Euskal Herrian, esaterako, %80tik gora dira.

Horiek horrela, Gizarte Segurantzaren Arau Orokorraren artikulu bat aldatzera behartu zuen auzitegiak. Hain zuzen, lanaldi partzialeko langileen erretiro pentsioa kalkulatzeko formulan erabiltzen den koefiziente bat ezabatu zuen.

«Emakume hauek lan eginiko egun bakoitza, egun kotizatu gisa aitortua izateko eskatzen dugu»,horrela laburbildu zuen eskaera Ibeas de la Cruzek. «Pentsio miserableez ari gara, eta irizpide hauekin are pobreagoak dira. Kasu batzuetan pentsio hori ere ukatu egin izan zaie». Ez dute lan erraza, Auzitegi Konstituzionalak zehaztu zuelako neurriak ez duela izango atzerako eraginik. Sindikatuan badakite hori, baina eskaeren erantzunak iristen hasi hala, eta, ezezkoak balira, auzitara joateko prest daude.

Kalkulua egiteko modu berria 2019ko abuztuaren 12tik aurrerako kotizazioetan aplikatuko da, eta LABek salatu du horretan ere berandu dabilela Gizarte Segurantza. «Lege hori idazteko epea luzatzen ari da, eta horrek diskriminazioa luzatu egiten du». Pentsio arruntetan data horretatik aurrera aplikatuko da. Ezgaitasun pentsioetan, aldiz, ez da araua aplikatuko.

Zer aldatu da?

Lege aldaketarekin, lanaldi partzialeko langileen pentsioak lanaldi osokoaren ekuazio berarekin kalkulatuko dira. Pentsioa kalkulatzen da langilearen lan bizitzaren azken 22 urteetako kotizazio oinarrietatik abiatuta—2020an 23 urteko kotizazioak aintzat hartuko dira, eta 2022tik aurrera, 25 urte—. Kopuru hori lortuta, Gizarte Segurantzak kotizatutako denbora aztertzen du, langileari horren zein batezbesteko dagokion ikusteko: zenbat eta urte gehiago kotizatu, gero eta batezbestekoa handiagoa dagokio, eta, ondorioz, pentsio handiagoa.

Lanaldi partzialeko pentsioaren kalkuluaren aldaketak denboraren aldagaiari eragiten dio. Izan ere, ebazpena indarrean sartu arte, lanaldiko orduen araberako koefiziente negatibo bat aplikatzen zitzaien, denbora murriztuz. Alegia, lanaldi partzialean eginiko egunak eta lanaldi osokoak ez ziren berdin zenbatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.