Espainiako Gobernuaren «musika eta hitzak ez datoz bat», Lakuntzaren ustez

«Lortzen duguna kalean lortuko dugu», ohartarazi du ELAko buruak, eta urtarrilaren 30eko greba orokorrean parte hartzera deitu du

Mitxel Lakuntza Donostian egindako agerraldian, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU.
xabier martin
Donostia
2020ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
PSOE eta Unidas Podemos Espainiako Gobernuan egotea «albiste ona da», Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiarentzat, ez duelako pentsatu nahi ere «zer izango litzatekeen eskuin muturraren gobernu bat». Baina, «PSOEren bigarren aukera» da koalizio gobernu hori, eta Lakuntzak garbi utzi zuen, atzo, alderdi bien arteko gobernu akordioak ez diela erantzun euskal langileen eta pentsiodunen arazoei. «Lortzen duguna kalean lortuko dugu, presio egiteko gaitasunaren arabera», argitu zuen. Izan ere, itun horren «musika eta hitzak ez datoz bat», harentzat. Alegia, uste du «propaganda egiteko» baliagarria izan dela koalizioaren akordioa, baina funtsean ez duela konpromisorik jaso neurri eraginkorrak har daitezen.

Baina zergatik ez du balio Madrilgo gobernuak esku artean duen programak, eta zergatik da orain «abagunerik egokiena greba orokorrerako»? Hasteko, ekonomiaren alorrean, aurrekontuei begira, «PPk ezarritako politikarekin jarraituko dutelako», Lakuntzaren hitzetan. Esan zuen 135. artikulua bere hartan utziko dutela, eta Aurrekontu eta Finantza Egonkortasunak baldintzatuko duela dena, orain arte bezala. «Nadia Calviñok berak garbi utzi du orain arteko politikarekin jarraituko duela Europari begira».

Bigarrenez, zerga politikan egitekoak diren aldaketak «eskasak» direla azaldu zuen, 300 milioi euro gehiago biltzeko helburua dagoela, eta hori ez dela nahikoa. Lakuntzak salatu zuen EAJk PPri eskaini diola zaindari lanak egitea. «Unidas Podemosekin egiten den zerga arloko edozein akordio aldez aurretik PSOEk EAJrekin hitzartu beharko duela helarazi du. Lotsagarria da berriro ere galga gisa eskaintzea bere burua politika aurrerakoiak oztopatzeko».

Toledoko Itunaren zama

Lakuntzak urtarrilaren 30eko greba deialdiaren oinarrizko eduki gehiago aztertu zituen, Espainiako gobernu akordioarekin loturik. Pentsioak KPIari lotzea ez da nahikoa harentzat, «pentsiodunak jasangarritasun faktorea eta beste hainbat kentzeko eskatzen ari direlako». Pedro Sanchezen gobernuak, ordea, Toledoko Itunera bideratu ditu sakoneko aldaketak. Lakuntzak esan zuen Gizarte Segurantzako ministro Jose Luis Escrivak garbi utzi duela erretiro adina 67 urtera arte atzeratzearen aldekoa dela, eta baita kotizazio tartea 35 urtera handitzekoa ere, pentsio apalagoak egon daitezen. «Ez dago neurri zehatzik 2011ko eta 2013ko pentsio erreformak alboratzeko. Toledoko Itunean muturreko eskuina ere egongo da, eta ez dute aldatuko erreformen funtsa».

Elkarrizketa soziala

Lan erreformei ere erreparatu zien. Lakuntzak badaki Sanchezen gobernua prest dagoela PPren lan erreforma doitzeko, baina baita doikuntza horietako batek euskal langileei «kalte handia» ekarriko diela ere. Enpresako itunak berriro sektorekoen azpitik jartzeko helburuak erakusten du «estatalizazioan sakondu» nahi duela gobernuak, ELAko buruaren arabera. «Zapateroren erreformak irauli egin zuen negoziazio kolektiboa, eta euskal esparruarenak ziren negoziatzeko gaiak Espainiara eramateko atea zabaldu zuen, UGTk eta CCOOk nahi duten moduan».

Bestalde, greba orokorraren aldarrikapen taulan 1.200 euroko gutxieneko soldata jasorik dago. Hurbilduko ote da gobernu berria kopuru horretara? Mitxel Lakuntzak dio ezetz. «CEOE lasai dago. Garamendik esan duen moduan, elkarrizketa sozialeko mahaian erabaki beharrekoak dira gutxieneko soldata eta beste gai batzuk, eta betoa izango du patronalak han». CEOEk ez ditu atsegin 900 euroko gutxieneko soldata ezartzeko baliatu zen dekretuen modukoak, Lakuntzaren ustez, «baina UGT eta CCOO egongo diren mahai batean negoziatzea bai».

Hori dena aintzat hartuz, «kalera ateratzeko abagunea»ikusten du Lakuntzak. «UGTk eta CCOOk esan dute ez dela aproposa, Espainiako Gobernuari denbora eman behar diogula. Alderantziz da. Lortzen duguna kalean lortuko dugu. Begira zer gertatu den Frantzian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.