Bilboko portuko trafikoak %11 egin du gora, daturik onena 2006tik

Lehen seihilekoan 17,6 milioi tonako trafikoa izan du portuak. Urtea ixterako, merkantzien trafikoaren hazkundea %5 izango da

Garabiak eta merkantziak, atzo, Bilboko portuan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Jon Fernandez.
2018ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Azken prentsaurrekoa egin zuen atzo Asier Atutxak Bilboko Portuko Agintaritzako presidente gisa —Ricardo Barkalak ordezkatuko du—: bost urtez karguan egon eta gero, PwC (PricewaterhouseCoopers) aholkularitza agentzian hasiko da laster lanean. Azken agurrean, datu positiboak jarri ditu mahai gainean: Bilboko portuko trafikoak azken hamabi urteetan izandako hazkunderik handiena lortu du urtarriletik ekainera bitartean. Iazko lehen seihilekoan baino %11 handiagoa izan da merkantzien trafikoa aurten: 17,6 milioi tonakoa, hain zuzen ere; iazko aldi berean baino 1,7 milioi tona gehiago.

Helburuak beteta doala azaldu du Atutxak, Bilboko portua Iberiar penintsularen iparraldeko «portu erreferentea» dela jakinda, eta «lurraldearen zerbitzura» dagoela ziurtatuta. Era berean, nabarmendu du portuak lehiakortasuna irabazi duela azken urteetan, eta «gero eta malguagoa» dela.

Edonola ere, hazkunde erritmoak ez dio eutsiko hain goian urte osoan. Lehenengo seihilekoan trafikoa %11 igo bada ere, Atutxak kalkulatu du urtea ixterako igoera %5 ingurura jaitsiko dela. Hala gertatuko balitz, iazko trafikoaren hazkundea baino bi hamarren txikiagoa izango litzateke.

Trafikoaren igoeraren erdia solteko karga likidoen %10eko igoerak bultzatu du: nagusiki, petrolioaren eta gasolinaren merkataritzak. Solteko karga solidoak, halaber, %18 handitu dira, batez ere ohi baino mugimendu handiagoa izan dutelako sulfatoen, hondarraren eta legarraren, eta petrolio kokearen merkantziek.

Merkantzien jatorriari dagokionez, inportazio gehien-gehienak Erresuma Batutik, Txinatik eta Herbehereetatik etorri dira; esportazio gehienak, berriz, Erresuma Batura, Irlandara eta Ameriketako Estatu Batuetara joan dira.

49,2 milioiko inbertsioa

Urtarriletik ekainera, guztira, 1.472 itsasontzi lehorreratu dira Bilboko portuan, iazko aldi berean baino 86 gehiago. Linea erregularreko itsasontziek 50.503 bidaiari ekarri eta eraman dituzte, iazko lehen seihilekoan baino %17 gehiago; gurutzaontzietan, ostera, 42.500 bidaiari ibili dira, %13 gehiago.

Bestalde, Atutxak gogora ekarri du agintaritzak aurten 49,2 milioi euro inbertituko dituela Bilboko portuan, eta dagoeneko 18,8 milioi inbertitu dituela. Lehen seihilekoan bi proiektu burutu dituzte: Haizea Windentzako 500 metro luzeko pabiloia eta portuko zortzigarren arrapala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.