Donostiako metroaren obrak gelditu dituzte

Hondarra eta ura agertu dira Easo eta Mirakontxa artean, eta nabarmen igoko da kostua. Eraikuntza kontratua baliogabetzea aztertzen ari dira

Easo-Amarako metroko obrak. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Maria Ortega Zubiate
Donostia
2020ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Geratu egin dituzte Donostiako tren igarobidearen obrak, Easo plazaren eta Mirakontxa pasealekuaren artean, tunelean hondarra eta ura agertu delako. Eusko Jaurlaritzaren menpeko ETS Euskal Trenbide Sarea erakundeak hartu du erabakia —hark eraikitzen ditu halako azpiegiturak—. ETSk ez du argitu noiz hasiko diren berriro obretan; areago, aztertzen ari dira eraikitzaileari kontratua etetea. Donostiako Udalak, berriz, gainazaleko obrak ez eteteko eskatu dio ETSri.

Erakundeak azaldu duenez, «sorturiko gorabehera geologikoek» asko handitu dute proiektuaren kontua, aurreikusita ez zeuden lanak egin beharko baitituzte. Ondorioa da «kontratazio legeak baimentzen duen baino gainkostu handiagoa» izango dutela zati horretako lanek. Horiek horrela, aztertzen ari dira oraingo kontratua baliogabetzea eta gainkostu horiek kontuan hartuko lituzkeen beste bat egitea. Obrak atzeratzea ekarriko du horrek: lizitazioa urte amaieran egingo lukete, eta obrak 2021eko maiatzean hasiko lituzkete berri, ETSk egindako kalkuluen arabera.

Lurpeko trenbidea egiteko arazo bat baino gehiago izaten ari dira Donostian. Urtarrilean, hondarra agertu zen Easo inguruko indusketa lanetan, eta, ekainean, Kontxa inguruan ur jario handia sartu zitzaien. Bizilagun batzuk etxetik atera behar izan zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.