Nekazarien protestak gero eta indar handiagoa hartzen ari dira Indian

Greba orokorrak oihartzun handia izan du herrialde osoan. Gobernuak nekazaritza liberalizatzeko onartu dituen hiru legeren aurka daude

Nekazariek eta haien senideek errrepidea moztu dute Amritsarren, India iparraldean. R. PAL SINGH / EFE.
Irune Lasa.
2020ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Norbaitek pentsatzen bazuen koronabirusak oztopatu egingo zituela Indiako nekazarien protestak, ez du asmatu. Hamabi egun daramatzate protestan milioika nekazarik herrialdeko hainbat estatutan, eta mugimendua zabalduz doa beste eskualdeetara ere. Nekazari sindikatuek greba orokorra zuten deitua atzo, eta protestak erantzun zabala izan zuen, batez ere Narendra Modi presidentearen BJP alderdiak gobernatzen ez dituen estatuetan.

Gero eta gehiago dira Delhi eskualdeko sarrerak eta irteerak blokeatzen dituzten nekazariak eta sindikalistak ere. Haietako batzuek New Delhin manifestazioa egin nahi dute, baina oraingoz armada dute barrikadaren beste aldean.

Narendra Modiren gobernuak asteak daramatza negoziatzen nekazarien ordezkariekin, baina oraingoz ez da aurrerapausorik eman ados jartzeko. Modik berean jarraitzen du, baina presioa areagotzen ari zaio.

Liberalizazioa

Nekazari sindikatuak haserre daude Modiren gobernuak inolako elkarrizketa sozialik gabe eta Kongresuan duen gehiengoa baliatuz irailean onartu zituen hiru legerekin. Horiekin, gobernuak aldatu egin nahi du aurreko eredu sozialistari lotutako nekazaritza salgaien merkaturatze eredua. Liberalizazio neurriekin, besteak beste, nekazariek aukera izango dute beren elikagaiak saltzeko gobernuak araututako merkatuetatik kanpoko erosleei. Orain arte, nekazariek merkatu horietan saldu behar zuten euren ekoizpena: gobernuaren baimena zuten erosleei.

Gobernuak dio lege berriek ez dutela ekarriko estatu merkatuak desagertzea, baina nekazariak beldur dira, besteak beste, liberalizazioak ez ote duen zirrikitua zabalduko beste aldaketa batzuetarako; ez ote duen ekarrizko gutxieneko diru sarrera bat ziurtatzen dien prezioen kontrola desagertzea. Korporazio handien sarrerak prezioak amildu ditzakeela uste dute, are babesgabeago utziz oso baldintza kaskarretan bizi diren nekazariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.